Gizonezkoetan, Iker Eskibel (Oreka), Iñigo Sagardoy (Salea-Conor) eta Dario Silvestre (SH Metalgraf) izan ziren probako protagonistak. Hirurak indartsu irten ziren, gainerako txirrindulariengandik nabarmenduz. Eskibel hirugarren itzulian saiatu zen erasoa jotzen, baina haize zakarrak bakarrik joatea eragotzi zion.
Dena hiruren artean argituko zela zirudienean, ezustekoa atzetik iristen zen. Miquel Fausek (Ciclos Benavent), hirukotea harrapatu zuen, eta beraien aurretik jarri zen, lasterketako igoera luzeenean. "Ikaratu egin nintzen ikustean, Colina Tristerengandik ezagutzen nuelako eta zer egiteko gai den banekielako…", aitortu du Iker Eskibelek, "Metro batzuk aurrera egin zuen berak, gurekiko tartea utziz, eta ikusi dut Iñigok ezin zuela zuloa estali, beraz, estutu egin behar izan dut harrapatzeko".

Dena emanda
Behin erasoa neutralizatuta, Eskibelek tartea ireki zuen igoeraren azken metroetan. "Beherantz egin nuen guztiarekin", zehaztu du eskoriatzarrak, "Edo hiltzen nintzen edo helmugara iristen nintzen". Azkenean, Iker Eskibel helmugaratu zen lehenengoa, besoak altxatzeko eta garaipenaz gozatzeko, abantaila dezenterekin.
BTTko Caja Rural Kopa Aste Santuaren ostean itzuliko da, apirilaren 18an Dicastillon, Nafarroako txapelketaren ohiko zirkuituetako batean.
