Ipuruako gimnastak, Valentzian, Espainiakoan

Imanol Beloki Unamuno 2021ko mar. 18a, 10:23

Ipuruako seniorrak, EuskalGym-eko lehiaketan zilarra irabazi ostean.

Espainiako Txapelketan lehiatuko dira, gaur, Ipurua Gimnasia Erritmikoko Taldeko gimnastak, Valentzian. Tartean da Nahia Arguiz eskoriatzarra, eta Espainiako Koparako eta Espainiako Txapelketako emaitzarako balioko du egiten duten lanak.

Astelehenetik zapatura arte dira jokatzekoak 2020ko denboraldiari dagozkion Gimnasia Erritmikoko Espainiako Txapelketak, eta Ipurua klubeko hamasei gimnasta Valentzian daude taldeko entrenatzaileekin batera, Alfafarko zentro kolonialean lehiatzeko gertu. Senior mailakoek gaur izango dituzte ariketak, bata goizean eta bestea arratsaldean. Horietan arituko da Nahia Arguiz gimnasta eskoriatzarra.

Seniorren ariketak, gaur

Federatuen artean gazteenak, kadeteen mailako bostekoa izan zen lehenengoa lehiatzen. Astelehenean izan zuten hitzordua, hain zuzen, orain dela urtebete prestatzen hasi ziren muntaia defendatzeko.

Senior taldeei dagokienez, berriz, Ipuruako Gimnasia Erritmikoko bi talde lehiatuko dira, eta horietako batean hartuko du parte Nahia Arguiz gimnasta eskoriatzarrak, June Heredero, Arrate Baroja, Indira del Pino, Enara Bilbao eta Sara Aranguren taldekideekin batera. Bost pilotako ariketa egingo dute gimnastek tapizaren gainean, gaur, eguena, 10:24an eta 17:01ean.

Bi bider atzeratuta

Txapelketa 2020ko denboraldiari dagokio, eta COVID-19aren egoera dela-eta bi aldiz atzeratua izan da. Bere garaian, Ipuruako Gimnasia Erritmikoko taldea sailkatua izan zen Espainiako Koparako, baina bertan behera geratu zen, pandemia egoera tarteko. Orain, aste honetan, Valentzian egingo duten txapelketa horretan, ariketen puntuazioak Espainiako Kopako eta Espainiako Txapelketako emaitzarako balioko du. Eta Ipurua Gimnasia Erritmikoko Taldetik adierazi dutenez, "aukera asko dituzte dominaren bat eskuratzeko, urduritasunak ez badie kalterik egiten".

Online lehiaketak

Lehiaketa horretaz gain, denboraldi honetan lau txapelketa izan dituzte, sasoiari eusteko; guztiak online formatuan egin dituzte. Horietako bitan hirugarren sailkatu ziren, eta Euskal Gimnasia Federazioak antolatutako beste batean bigarren postuan sailkatu ziren; zilarrezko domina eskuratu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak