Etxean azken minutuan galdu arren (5-6) lider jarraitzen du Eskoriatzak

Xabi Gorostidi 2021ko ots. 28a, 10:38

Hiru minutu falta zirenean Eskoriatzakoak 5-4 jarri ziren aurretik, baina atezain jokalaria jarri zuten Almi Elorrietako taldekoek eta azken hiru jokaldietan bi gol sartzea lortu zuten; azkena, amaitzeko minutu erdi baino gutxiago falta zenean. Etxean jokatutako sei partiduetatik bakarra irabazi du Eskoriatzak, baina kanpoan jokatutako partidu guztiak irabazi dituztenez lider jarraitzen dute puntu bakarreko aldearekin. 

"Porrot mingarria izan da; azken unean heldu delako, eta berriz ere etxeko puntuek alde egin digutelako" adierazi du Iker Molina Eskoriatzak entrenatzaileak. 

Lehen zatian aukera gehienak etxekoek izan zituzten, baina eraginkortasuna, aldiz, kanpotarrek. Atsedenaldira heltzeko minutu gutxiren faltan 2-1 zeuden aurretik etxekoak, baina denbora gutxian sartutako bi goli esker 2-3 joan ziren aurretik bilbotarrak atsedenaldira. "Hirugarrena gol ederra izan zen, euren zelaitik sartutakoa. Defentsa aurreratuarekin ari ginen, eta ondo neurtutako jaurtiketa batekin atezaina aurerratuta harrapatzea lortu zuten" azaldu du Molinak. "Aukera gehien guk izan genituen, baina baloiak ez badu sartu nahi..."

Bigarren zatia kementsu hasi zuten Eskoriatzakoek eta 4-3 aurreratzea lortu zuten defentsa altuarekin jokatzen. Bisitariek launa berdintzea lortu ostean, etxekoak berriz aurerratu ziren hiru minutu baino gutxiago falta zirenean (5-4). Baina azken minuetan birritan zulatu zuten etxekoen atea Elorrietakoek, eta hiru puntuek Bilbora egin zuten ihes.

Aipagarria da, jardunaldi honetan etxean jokatu duten talde guztiek galdu egin dutela. "Nire ustez zalerik ez egoteak eragin handia du hor. Gure kasuan oso nabaria da, gainera; etxeko sei partiduetatik bakarra irabazi dugu, baina bisitari gisa bostetik bost garaipen poltsikoratu ditugu. Etxeko azken partiduetan min asko egin dute azken minutuetan, atezain jokalaria erabili izan dutenean. Badugu zer hobetu, eta horretan zentratuko gara aurrerantzean" azaldu du Molinak. 


Mondratek fin jarraitzen du


Arrasateko taldeak lider sendo bezala mantenduko da, atzo hirugarren sailkatu den Zirauntza taldea errez menderatu ostean (8-3). Hamabi partidu jokatuta, Euskal Ligako lehen postuan finkatuta daude; hamar garaipenekin, eta berdinketa eta porrot banarekin. Hamabi puntuko aldea dute bigarren sailkatuarekiko, nahiz eta Jaixkiaretok partidu bat gutxiago jokatu duen. 

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak