Eskaintza mamitsua martxoko kultura gidan

Imanol Beloki Unamuno 2021ko mar. 1a, 08:00

Neomak taldeko kideak.

Irantzu Varelak eskainiko duen bakarrizketarekin eta Arrasateko zenbait musikari tartean dituen Neomak taldearen trikiti eta pandero doinuekin emango zaio hasiera martxoko kultura agendari. Horrekin batera, ez da faltako dantza, antzerkia, magia…

Kultura eskaintza zabala izango da martxoan Eskoriatzan. Izan ere, bakarrizketa, hitzaldia, musika emanaldiak, antzerkia, dantza saioa… egongo dira. Gehienak Zaldibar antzokian eskainiko badira ere, Joseba Iñurrategi pilotalekuan eta Manuel Muñoz kiroldegian ere izango dira zenbait. Martxoko lehen asteburuan, esaterako, bakarrizketa umoretsua eta trikiti eta pandero doinuz bustitako emanaldia izango dute eskoriatzarrek gozagarri.

Kontsumoa eta matxismoa

Martxoaren 5ean, bakarrizketa egingo du Irantzu Varelak, Zaldibar antzokian, gazteleraz. Emakumeen Nazioarteko Egunaren baitan, No hay matriarcado ni en el supermercado izenburupean, 45 minutuko saioa eskainiko du kazetari eta aktibista feminista bizkaitarrak. Umoretik landuta, kontsumoarekin eta indarkeria matxistekin lotutako hainbat alderdi uztartuko ditu.

Trikitixa eta panderoa

Martxoaren 6an, berriz, Neomak taldearen kontzertua izango da Zaldibarren. Gaztetxotan hasita, trikiti txapelketetan aurkari nahiz bikote gisan plazara salto egin eta gerora, Kepa Junkerarekin Sorgiñak moduan harahona ibiliak dira taldeko kideak. Ahotsak, trikitia eta panderoa uztartuz, euren lana aurkeztera etorriko dira taldea osatzen duten Arrasateko, Debako, Zarauzko, Zizurkilgo eta Asteasuko zazpi emakumeak –Amets, Irati, Leire, Eneritz, Garazi, Alaitz eta Maria–, Eskoriatzara. "Gure kantu propioez batera, trikiti tradizionaletik hartutako koplak moldatuta ere eskainiko ditugu kantuak; ahotsa perkusioaz lagunduta", adierazi du Amets Ormaetxeak, Neomak taldeko kideak.

Hala, estreinaldia ez, baina emango duten lehenengotako emanaldietako bat izango da martxoaren 6koa. Izan ere, azaroan Arrasaten emanaldi bat eskainita eta urtarrilaren 20an Nafarroako VII. Trikiti Jaialdian zenbait kantu ere egin ostean, Eskoriatza izango dute hurrengo geltoki Neomak taldekoek.

Egitaraua

Martxoaren 5a

• Bakarrizketa. Irantzu Varela 19:00etan, Zaldibar antzokian.

Martxoaren 6a

• Kontzertua. Neomak 19:00etan, Zaldibar antzokian.

Martxoaren 12a

• Hitzaldia. 'Ser mujer migrada en la sociedad vasca' 19:00etan, Zaldibar antzokian.

Martxoaren 13a

• Antzerkia. 'Esnatu naiz kabareta' 19:00etan, Zaldibar antzokian.

Martxoaren 14a

• Dantza tailerra 18:00etan, pilotalekuan.

Martxoaren 19a

• Bandaren kontzertua 19:00etan, kiroldegian.

Martxoaren 21a

• Dokumentala. 'Bideak' 19:00etan, Zaldibar antzokian.

Martxoaren 27a eta 28a

• Hodei magoa (helduentzat) 19:00etan, Zaldibar antzokian.

Sarrerak erosteko

Hitzordu guztietara begira, edukiera neurriak errespetatzeko sarrerak edo gonbidapenak aldez aurretik erosi edo jaso beharko dira. Emanaldi gehienek bost euroko kostua dute; hala ere, martxoaren 12ko hitzaldia eta martxoaren 19ko bandaren emanaldia, esaterako, doakoak izango dira, eta Bideak dokumentala ikusi nahi duenak, berriz, hiru euro ordaindu beharko ditu. Sarrera guztiak Manuel Muñoz kiroldegian jaso beharko dira ekitaldiaren aurreko asteko astelehenetik aurrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak