Ikasleen talentua sustatzeko gida, ikastaroa eta webinar sorta aurkeztu ditu Huhezik

Imanol Beloki Unamuno 2021ko ots. 25a, 11:48

Ikasleen talentua sustatzeko gidaren ikertzaileak talde argazkian.

Ikasleen talentua sustatzeko gida eta gaiaren gaineko ikastaroa eta webinar sorta aurkeztu ditu Eskoriatzako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak. Talententoari buruzko MOOC ikastaroa eta webinar sorta martxoan egingo dira eta zuzenduta daude Batxilergo, Lanbide Heziketa eta Unibertsitateko irakasleei.

Atzo, otsailaren 24ean, Ikasleen talentua sustatzeko gida: Batxilergorako, Lanbide Heziketarako eta unibertsitaterako hainbat aukera liburua aurkeztu du KoLaborategiak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Gizarte Digitalerako Hezkuntza eta Komunikazioa laborategiak.

Eskoriatzako campusean egindako aurkezpen publikoan, parte hartu dute Eragin izeneko proiektuan esku hartu duten ikertzaile guztiek. Gainera, baliatu da hitzordua aurkezteko irakasleei zuzendutako talentua eta hau sustatzeko dimentsioen gaineko MOOC ikastaroa (Massive Open Online Course) eta webinar sorta irekia.

Talentuaren garapena erronka nagusietako bat

Proiektuaren bultzatzaileen ustetan, "talentuaren garapena hezkuntza erakundeen erronka nagusietako bat da, gainera, ikusi dute orain arte egindako ikerketek mahaigaineratu dutela talentuarekin lotutako gaitasunak garatzeko, gakoa dela testuinguru aberatsak eskaintzea". Ikuspegi hori hartzen du oinarritzat atzo aurkeztutako gidak; horregatik, gidak proposatzen ditu hezkuntza testuinguruak ikasleen talentua sustatzeko egokiagoak izateko bideak.

Ikertzaileek  gida arina eta erabilerraza egin dute. Liburua bi zatitan dago banatuta. Hasteko, talentua zer den definitu dute, baita talentua osatzen duten dimentsioak zehaztu ere, hala nola dimentsio kooperatiboa, sortzailea, ekintzailea, pertseberantea, malgua, kritiko-analitikoa eta emozioen erregulazioaren dimentsioa.

Liburuaren egileek nabarmendu nahi izan dute gidan jasotakoak aukerak direla, eta ez ezinbestean egin beharrekoak. Hala, talentua sustatzeko aukera bakoitzarekin batera, informazio zehatza eman dute, eta, bide batez, sakontzeko kanpo baliabideak iradoki dituzte, interesa duen orok informazio gehigarria izan dezan.

Liburuan parte hartu dutenak

Liburuan parte hartu dute Mondragon Unibetsitateko Iñaki Larrea, Paula Alvarez-Huerta, Ana Carpintero, Oxel Azkarate-Iturbe, Jose Ramon Vitoria eta Beñat Flores eta EHUko Alexander Muela ikertzaileek. Proiektuak Gipuzkoa Foru Aldundiaren laguntza jaso du.

Talentuari buruzko MOOC ikastaroa

Gidaz gain, Eragin proiektuko ikertzaileek baliatu dute hitzordua aurkezteko martxoren 1etik apirilaren 16ra irekian eskaniko duten gaiaren gaineko MOOC ikastaroa eta aldi bereko webinar sorta irekia.

Ikasleen talentua sustatzeko ikastaroak estrategiak eskaini nahi dizkie irakasleei ikasleen talentuaren garapenerako testuinguru aproposak diseinatzeko. Hortaz, talentuaren dimentsioak sustatzeko estrategiak landuko dira bertan. Argitaratu den gida bezala, ikastaro honen hartzaileak dira Batxilergo, Lanbide Heziketa eta Unibertsitateko irakasleak. Ikastaroan parte hartzeko interesa dutenek helbide honetan eman beharko dute izena: eragin@mondragon.edu.

Webinarrak

Ikastaroaren osagarri bezala, webinar sorta bat ere prestatu dute Eragin proiektuko ikertzaileek. Hitzaldi guztiak 18:00etan hasiko dira eta ordubeteko iraupena izango dute. Webinarrak euskaraz eskainko dira.

  • Martxoak 3. Erregulazio emozionala: ongizaterako bidea. Ana Carpintero (Mondragon Unibertsitatea) eta Alexander Muela (EHU). Eman izena!
  • Martxoak 9. Irakasleak eskaintzen dituen testuinguruak eta ikasleen pertseberantzia. Nagore Iñurrategi (Mondragon Unibertsitatea). Eman izena!
  • Martxoak 10. Pertsona kooperatiboaren garapena hezkuntzan: ikaskuntza zerbitzua. Oxel Azkarate, Nekane Goikoetxea eta Nagore Iraola (Mondragon Unibertsitatea). Eman izena!
  • Martxoak 16. Ikasleen artean taldeko kultura ekintzaile bat sustatzeko estrategiak. Aitor Lizartza (Mondragon Team Academy). Eman izena!
  • Martxoak 17. Design Thinkinga hezkuntzan: sormenerako aukera. Beñat Flores. (Mondragon Unibertsitatea). Eman izena!
  • Martxoak 23. 10 gako pentsamendu kritikoa garatzeko. Joseba Aldasoro. (Elhuyar). Eman izena!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak