Hidalga kaleko 11 eta 12. atarien paretik San Juan kalera doan errepide zati bat berdez margotu berri dute asteon udal langileek, eta zona hori koexistentziaeremu bihurtu.
LANAK OINEZKOEN JOAN-ETORRIEN SEGURTASUNA HANDITZEKO ASMOZ EGIN DITUZTE
Ibilgailuek bertatik pasatzeko aukera izaten jarraituko dute, kontuan izanda zona horretan garajeak daudela. Hala ere, oinezkoek izango dute lehentasuna eremu horretan. Hori adierazteko, zorua berde kolorez margotu dute, eta bi zebra-bide koloreztatu egin dituzte. Horrekin batera, eremu horretan zeuden aparkalekuak kendu egin dituzte; hala ere, udaltzainaren auto ofizialaren aparkalekua mantendu egin dute eta zamalanetan aritzen direnentzako lekua utzi dute.
Astelehenean hasi zituzten lanak, eta dagoeneko amaitu dituzte. "Hidalga kalearen zati bat egokitu da, udaletxearen atzealdean, oinezkoentzako lehentasuna duen koexistentzia-eremu bihurtzeko. Hemendik aurrera, eremu horretan pasabide batzuk mugatuta geratzen dira zebrabide gorri eta zuriekin margotuta. Eta berdez, koexistentziakoak. Horrez gain, bizikletak aparkatzeko zenbait poste jarri dira", adierazi du Josu Ezkurdiak, EAJko Hirigintza eta Mugikortasun batzordeburuak.
Brigadako udal langileak arduratu dira lanak egiteaz, eta hauek egiteko arrazoia eremu horretan oinezkoek egiten dituzten joan-etorrien segurtasuna bermatzea izan dela nabarmendu gura izan du Ezkurdiak: "Eskoriatzako Udalak mugikortasun jasangarriaren barruan duen helburuen barruan kokatzen dira lan hauek, oinez egiten diren joan-etorrien segurtasuna handitzeko".
Aparkaleku gutxiago
Aparkaleku gehienak kendu egin dituzte eremu horretan. Soilik partikularrek aparkatzeko leku bat utzi dute, eta udal ibilgailuarentzat beste bat; udaltzainen autoa aparkatzeko ohiko aparkalekua dena, eta zamalanetan aritzen diren ibilgailuentzat beste leku bat. Aparkaleku gehienak zeuden lekuan bizikletak uzteko lau poste ezarri dituzte.
Seinalearen garrantzia
Ibilgailuen eta oinezkoen aldi bereko eremu berrirako seinalea ere jarri dute bertan. Seinale hori duten bideetan gidariek beti eman behar diete lehentasuna oinezkoei, eta ibilgailuek –autoak, furgonetak, motorrak, patineteak, bizikletak…– seinaleek edo bide-marrek izendatutako lekuetan bakarrik aparka ahalko dute.