Ordubete inguru irauten duen obra freskoa da 35 huts, eta azaleko gaiak jorratzen dituen antzezlana dela pentsa daiteke lehen minutuetan, izaera axolagabea duen pertsonaia aurkezten zaiolako publikoari obra hasi bezain pronto. Aurrera egin ahala, ordea, ertz asko agertzen dira.
Gai sakonak umorez kontatuta
Aitziber Garmendiak idatzita, Miren Gojenolak zuzenduta eta Esti Curielek antzeztutakoa da 35 huts. Bakarrizketa formatuan eskainita, atrezzo eta aktore urriko antzezlana izan arren, gauza asko transmititzen ditu. Hiru profesional horiek elkarlanean egindako lana gustura ikusteko moduko ikuskizuna da, emozioak eta oinordetzak erdigunean jartzen dituena. Izan ere, familien oinordetza emozionalak, amatasuna, heriotza eta halako gai sakonetan murgiltzen dira, umorea lagun hartuta.