Mendia eta heriotza hizpide otsaileko agendan

Imanol Beloki Unamuno 2021ko ots. 3a, 12:50

Mikel Cresporen senideak, Mendian hil, hirian hil lanaren une batean. Argazkia: ARTEMAN

Oroitzapenaren eta itxaropenaren gaineko Mendian hil, hirian hil lana HIRU aldiz proiektatuko da Eskoriatzako Zaldibar antzokian. Horrekin batera, Iñurrategi anaiak komiki liburuaren aurkezpena egingo da hilaren 19an, eta Mendi Tourreko zenbait film labur eskainiko dira otsailaren 26an eta 28an.

Mendian hil, hirian hil izeneko dokumentala Iñaki Peña Debagoieneko Ospitaleko medikuak zuzendu eta Arteman Komunikazioak ekoiztutako azken lana da. Heriotza eta dolua ditu hizpide eta Aulki hutsak eta Suaminetik bakera filmekin batera trilogia osatzera dator. Mendi Film Festibal-en Euskarazko Film Onenaren saria jaso zuen, gainera, 2020ko abenduan, eta Eskoriatzan hiru proiekzio izango dira. Lehenengoa zapatu honetan izango da, 19:00etan, Zaldibar antzokian, bigarrena, otsailaren 13an, ordu eta leku berean, eta, kasu honetan, Peña zuzendaria, dokumentalari buruzko gogoetak ikusleekin konpartitzen egongo da. Hala, lehenengo bi emanaldietarako sarrera guztiak agortuta, hirugarren proiekzio bat ezarri du Udalak, otsailaren 20an izango dena.(Egun horretarako sarrerak agortzen badira, hurrengo larunbatean, otsailaren 27an, beste saio bat programatuko da).

Mendiko heriotzak oinarri

Mendian gertatutako heriotza oinarri, hainbat testigantza jaso dituzte lanean: batetik, Felipe Uriarte eta Juanjo San Sebastian mendizale ezagunenak; eta, bestetik, heriotzak gertuan bizi izan dituzten hainbatenak. Besteak beste, 2017an Pirinioetan hildako Mikel Crespo aretxabaletarraren senideena.

'Iñurrategi anaiak' liburua

Otsailaren 19an, 19:00etan, Iñurrategi anaiak liburuaren aurkezpena eta mendiko argazkien erakusketa izango da Zaldibarren. Iñurrategi anaien mendi ibilbideari eta, bereziki, duela 20 urte mendi istripuan hil zen Felixi tributua egiten dion komiki liburua aurkezteko Alberto Iñurrategi bera izango da, libruruaren idazle Ramon Olasagasti  eta César LLaguno marrazkilaria.

Horrekin batera, hitzordua aprobetxatuta, Eskoriatzako Dorletan liburudendan hartutako liburuak jarriko dituzte bertan (gazteleraz eta euskeraz) salgai. Hala, herriko komertzioak buletzatzeko asmoz.

Mendi Tourreko lanak ikusgai

Hilaren 26an eta 28an, aldiz, Mendi Tour Film Festibaleko zenbait ikus-entzunezkoren proiekzioak izango dira Zaldibar antzokian, 19:00etan hasita. Hiru eurotan saio baterako sarrera erosi daiteke eta 5 euro ordainduta bi saioetarakoak – sarrerak aldez aurretik Manuel Muñoz kiroldegian–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak