Lidergoa utzi gura ez duen taldeak Durango du aurkari

Imanol Beloki 2021ko urt. 29a, 12:12

Bihar, zapatua, Manuel Muñozen jokatuko du Eskoriatza areto futbol taldeak, Durangoren aurka, 18:00etan.

Eskoriatza areto futbol taldea lider da Maila Nazionalean. Emaitza bikaina lortzen ari da aurtengo denboraldian, eta lidergoari eustea da taldearen helburu nagusia. Asteburuan etxean jokatuko dute, zapatuan, 18:00etan, Manuel Muñoz kiroldegian, eta aurkaria Sasikoa Durango taldea izango da.

Taldekideak gogoz daude harmailak beteta daudela berriz jokatzen hasteko, baina zaleen presentzia barik ere sekulako garaipenak lor ditzaketela argi eta garbi utzi dute. Izan ere, joan den asteburuan, etxetik kanpo jokatu zuten partidua, eta 1-10 irabazi zuten, Scorpio Alkideba taldearen kontra.

Maila mantentzea

Entrenatzaile guztiek sarri esaten duten moduan, partiduz partidu joan behar da, eta horixe bera dio Iker Molinak, Eskoriatza areto futbol taldeko entrenatzaileak: "Aurtengo helburu nagusia maila mantentzea izan da, hori da hasiera-hasieratik buruan izan duguna. Hala ere, bi multzotan gaude banatuta ligako taldeak, eta, zein ondo ari garen ikusita, ilusioz gaude. Errendimendua ez jaistean dagoela gakoa uste dut, eta hurrengo fasera gogor iristeko ahalik eta emaitza onenak lortu nahi ditugu".

Gazteei aukerak ematea

Bost garaipenekin eta hiru berdinketarekin, denboraldia borobila izaten ari da, baina taldekideen artean badituzte gorabeherak. Izan ere, Xabi Iñurriak taldea utzi du, Richard Hidalgok luzerako lesioa du eta beste zenbait jokalari ere lesio txikiekin ari dira jokatzen. Hori dela eta, Bigarren Erregional Mailako gazteei aukerak ematen ari zaie Molina entrenatzailea: "Bi edo hiru gazte izan dira gurekin jokatzen, eta asteburuan ere izango dira. Ilusioz eta konfiantzaz ari dira, eta euren errendimendua ere paregabea izaten ari da".

Durangarrak aurkari

Durangarrei 3-5 irabazi zion Eskoriatzak azkenengo aldian, baina, "partidu zaila" izango dela dio Molinak: "Punteria finarekin aritzea komeni zaigu, ez baitigute erraz jarriko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak