Iaz jaiotako lau umeko zuhaitz bat landatuko dute domekan

Imanol Beloki 2021ko urt. 29a, 10:38
Arbiñosten egin zuten zuhaitz landaketa, iaz, euripean.

2020an Eskoriatzan jaiotako haurren izenean mota ezberdinetako zuhaitzak landatuko dituzte, beste urte batez, ohiturari jarraituz. Aurten, baina, ez da haur bakoitzeko zuhaitz bat landatuko, lau umeko zuhaitz bat baizik.

Urteroko ohitura politari jarraituz, iaz jaiotako haurren izenean zuhaitzak landatuko dituzte Eskoriatzan. Izan ere, norberak landatutako zuhaitz bat izatea, zaintzea eta urte askoren ostean handitu egin dela ikustea begi onez ikusten dute urteroko parte hartzaileek.

Aurten, baina, egoerak baldintzatuta, berrikuntzak izango dira egitasmoan, baina kontuan izanda "parte-hartzaileei" zuhaitz landaketa ekintza "asko gustatzen" zaiela, eta "egingarria" dela erabakita, zuhaitz landaketa aurrera eramatea erabaki dute antolatzaileek, neurri guztiak hartuta.

Familia osoak batu barik

2020an Eskoriatzan jaiotako haurrak hogei izan direnez, guztira bost zuhaitz sartuko dituzte Ibarraundi museo inguruan. Beste urte batzuetan, haur bakoitzeko bat landatu izan da, baina, egoerak hala behartuta eta pilaketak saihesteko, eta ekintza azkar bukatzeko asmoz, hala egitea erabaki dute. Horrekin batera, familia bakoitzeko pertsona bakarrak hartuko duela parte adierazi dute antolatzaileek. "Familian egiteko ekintza izan da urtero. Gustura etortzen dira familian egitasmoa gauzatzera, baina aurten ezinezkoa da betiko moduan egitea", adierazi du Saioa Altzuak, Ibarraundi museoko langileak. "Iaz, Arbiñosten landatu genituen zuhaitzak, eta horien egoera ere izan gara ikusten. Izan ere, zuhaitzak landatzeaz batera, gero, zaindu egin behar dira… Ea aurtengoak indartsuak ateratzen diren…".

Zuhaitz mota ezberdinak

Urkia, elorri zuria eta beltza, gurbitza eta makatza izango dira landatuko dituzten zuhaitz motak. Horrekin batera, gorosti pare bat ere sartuko dituztela adierazi dute antolatzaileek.

Hitzordua domekan 12:00etan dute, Ibarraundi museo parean. Izan ere, museoaren bueltan landatuko dituzte zuhaitz guztiak. Hala, bertan elkartu, eta, lehenbizi, zenbait argibide emango dizkiete Ibarraundiko langileek bertaratzen diren herritarrei. Eta gero, aitzurrak hartu eta lanean jarriko dira, zuhaitz bakoitza landatzeko leku egokia ezartzean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak