Dirulaguntzen ordenantza osatzeko kontsulta

Imanol Beloki Unamuno 2021ko urt. 22a, 12:13

Bi gazte autobus geltokirantz joaten Eskoriatzako erdigunean.

Eskoriatzako Udalak dirulaguntzak emateko ordenantza orokorra egin nahi du, baina, aurretik, ordenantza proiektu horren aurreko kontsulta ireki du, interesdunek proiektua aztertu eta egoki iritzitako ekarpenak egiteko aukera izan dezaten.

Eskoriatzako Udalak partikularrei, erakundeei eta herritarren kolektiboei dirulaguntzak emateko aplikatu beharreko araubidea eta prozedura arautu gura du, hala, ordenantza orokorra osatzeko. Horretarako, ekarpenak jaso nahi ditu herritarrengandik, eta proposamenak egiteko azkeneko eguna 2021eko otsailaren 3a izango da.

EKARPENAK EGITEKO AZKENEKO EGUNA OTSAILAREN 3A IZANGO DUTE

Gaur egun, Eskoriatzako Udalak ez du udal dirulaguntzak emateko ordenantza orokorrik, eta, beraz, ordenantza hori osatuta zenbait arazo konponduko direla adierazi du Udalak. Besteak beste, dirulaguntzak emateko prozesua argitzea eta zehaztea; dirulaguntzak emateko prozesua homogeneizatzea eta bateratzea udal arloetan. Ordenantza berriaz gain, dirulaguntzak emateko tramiteak arintzeko prozesuak sustatu eta ezarri nahi dira, hala nola erregistro elektronikoa eskaera aurkezteko modu gisa, interoperabilitate akordioak herritarrek administrazioaren esku dagoen dokumentazioa aurkeztu behar ez izateko, dirulaguntza justifikatzeko tramitea errazteko inprimakiak…

Xehetasunak, udal webgunean

Proposatzen den araudi proiektuaren xehetasunak, hau da, ekimen honekin konpondu nahi diren arazoak, araudia onartzeko egokitasuna, araudiaren helburuak eta araudi bidezko eta araudiz besteko zer beste irtenbide izan daitezkeen, Eskoriatzako webgunean azter daitezke. Hala ere, aipatutako epean ez badago iradokizunik, prozedurak aurrera jarraituko duela adierazi du Udalak.

Ostalaritzari, aparteko laguntzak

COVID-19aren ondorioz ostalaritzako sektorea jasaten ari den galera ekonomikoa arintzeko eta, horrekin, jarduera mantentzen laguntzeko asmoz, gainera, ostalaritzako sektorearentzako aparteko laguntzak eskainiko dituztela adierazi du Udalak. Oinarriak eta xehetasunak udal webgunean daude, eta informazio gehiago nahi duenak Ibarraundin galdetu dezake. Hala, eskaerak otsailaren 5era arte egin ahal izango dira.

2021eko aurrekontuak

Dirulaguntzak emateko ordenantzaz gainera, datorren martitzenean, hilaren 26an, urtarrileko ohiko osoko bilkura telematikoa egingo dute Eskoriatzako udalbatzako kideek. 18:00etan hasiko dira, eta nahi duten herritarrek aukera izango dute bertan adierazten dutena zuzenean jarraitzeko. Besteak beste, 2021eko udal aurrekontuak izango dituzte hizpide.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak