Batzar orokorra egiteko aukera barik, zain daude

Imanol Beloki Unamuno 2021ko urt. 23a, 15:30
Olazar Erretiratuen Elkartekoek egindako azken batzar orokorra.

Olazar Erretiratu Elkarteko kideak 2020ko martxoaren 17an ziren egitekoak batzar orokorra. Pandemiagatik bertan behera utzi zuten, eta oraindik ez dute zehaztu nola egingo duten, ezta noiz ere. Horrekin batera, ekintza guztiak gelditu dituzte.

Pandemiak gizarte osoari gogor eragin dio, eta ez dira salbuespen Eskoriatzako Olazar Erretiratuen Elkarteko kideak. Izan ere, eurek egiten dituzten ekintza guztiak ezin gauzatu daude martxoa ezkero; batzar orokorra egiteko eta batzordeko kide berrien zozketa egiteko ere ez dakite nola asmatu…

"Egonezin handia" dutela adierazi dute batzordekideek. Hala ere, pazientziaz hartzen ari dira, eta, egoera hobetzeko zain, ahal dutena egiten ari dira. "Erretiratuak ez gara ezer egiten ari. Izan ere, gure ekintza guztietan jende asko batzen gara. Ezin dugu merendolarik egin, ez bidaiarik… Horrekin batera, batzordea osatzen dugun zortzi pertsonetatik lau aldatzekoak ginen iaz. Martxoaren 17an egin behar genuen urteko batzarra, bertan hautatzeko, baina atzeratu egin genuen. Hori horrela, batzordeko kide berek jarraitu dugu orain arte; izan ere, 630 bazkide ditu Olazar Erretiratu Elkarteak, eta ezin dugu deialdirik egin, nahiz eta 30-40 lagun batzen garen, normalean. Guztiei bidali behar diegu deialdia, eta, aukera ezberdinak aztertu ditugun arren, itxarotea erabaki dugu", adierazi du Jasone Orbegozok, Olazar Erretiratuen Elkarteko kideak.

Batzordeko kide berriak, ikasten

Elkarteko batzordekide berriak zozketa bidez aukeratu behar izaten dituzten arren, gaur egun osatzen dutenek proposatutako lau kide berriak, kargua hartu barik, egin beharreko lanak ikasten ari direla adierazi du Orbegozok: "Denbora aprobetxatu nahian, batzordeko kide berriak izango direnei elkarteko zenbait kontu irakasten ari gara: zer den egiten duguna, elkartea zer den… Konpromisoa hartu genuen hilero kultura etxean batzeko, eta horretan ari gara; hala, kargua hartzen dutenean, prest egongo dira egin beharretarako".

Gabonetako opari-zozketa

Salbuespen moduan, ekintza bakarra egiteko aukera izan dute Olazarkoek, Gabonetan. Opari-zozketa bat egin zuten elkartea osatzen duten guztien artean, eta nagusienari, 103 urte dituen Pablo Gamboari, ere egin zioten oparitxoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak