Liderrak ere baditu ahulguneak

Xabier Urtzelai 2021ko urt. 17a, 11:02

Zapore gaziarekin amaitu zuten Eskoriatzako jokalariek Gasteizko Aurreraren kontrako partidua (6-6): "4-0 aurreratu ginen lehenengo zatian, eta bigarren zatian partidua birritan berdintzeko gauza izan ziren. Irabazteko lehia izan zen, ez gara gustora geratu", adierazi du bihar Harmailatik saioan egongo den Aratz Kortazar kapitainak. 

Ligako zortzigarren jardunaldian puntu bakarra batuta ere Eskoriatzak lehenengo postuan jarraitzen du maila nazionalean, eta hain zuzen, taldearen egoera aztertuko du taldeko kapitainak astelehenean, Goiena telebistan (21:30, 23:30). "Pena, ez garelako asteburuko partiduarekin pozik geratu. Egia esan, bigarren zatian gerta zitekeela ikusten ari ginen, alegia, azken minutuetan kontrarioa gu baino hobeto zegoela, eta guk pauso bat atzera egin genuela", adierazi du Aratz Kortazarrek.

Ondo hasi zuten lehia eskoriatzarrek (4-0). Bazirudien tramiteko partidua izango zela, lehenengo minutuetan etxekoek oso itxura polita erakutsi zutelako. Lehenengo zatia amaitu orduko, baina, gasteiztarrek aldea txikitu zuten taldean aldaketak eginda; arriskatzea erabaki zuten, atezaina aurreratu eta jokalari moduan jartzeak emaitzak eman zizkien (4-2). Hala, bigarren zatian partidua berdindu zuten (4-4).

Bazirudien bigarren zati hori luzea egin behar zitzaiela eskoriatzarrei, baina liderrak erreakzionatu egin zuen bi gol eginez (6-4). Gasteizko taldearen azken bultzada geratzen zen, eta etorri zen bultzada hori. Partidua amaitzeko bi minuturen faltan tartea txikitu zuten (5-6), eta azken minutuan egin zuten 6-6koa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak