Enkoadraketa egin eta 'klik', irudi onenaren bila

Imanol Beloki Unamuno 2021ko urt. 15a, 10:30

Maialen Lete, Tortolis ludotekako hezitzailea, argazkia ateratzen, umeak argazki rallyan parte har dezaten animatzeko

Hi selfie! lehiaketan oinarritutako argazki rallya egingo dute ludotekako haurrek. Gaur, Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako haurrak arituko dira; urtarrilaren 22an, LHko laugarren mailakoak; eta hilaren 30ean, berriz, LH-5 eta LH-6 mailetakoak

Gabonetako oporren ostean, bueltan dira Tortolis ludotekakoak, eta ekintza berezien eta dibertigarrien aldeko apustua egin gura dute urte berri honetan. Hori horrela, gaur ekingo diote Eskoriatzako Tortolis ludotekako haurrek Hi selfie! lehiaketan oinarritutako argazki rallyari. Hiru egubakoitzetan –urtarrilaren 15a, 22a eta 29a– egingo den ekintza izango da, eta, argazkigintzan murgilduz, zenbait teknika ikasi eta praktikatzeko aprobetxatuko dute parte hartzen duten haurrek; betiere, argazkia ateratzeko, selfie moduan, oinarria izanik.

8 eta 12 urte arteko haurrei zuzendutako ekintza da, eta Eskoriatzako leku desberdinen argazkiak ateratzeko probak egingo dituzte haurrek. Gainera, Tortolis ludotekako hezitzaileek adierazi dute sormenari ere garrantzia emango diotela, eta dibertsiorik ez dela faltako azpimarratu dute.

Lehiaketaren aurrerapena

Gaur, egubakoitza, 17:00etan izango dute Hi selfie! lehiaketako argazki rallyko lehenengo eguna, eta Tortoliseko hezitzaileek parte hartzen dutenek egin beharrekoa esan barik, honako hau aurreratu dute: "Gaur, egubakoitza, Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako haurrak izango dira egitasmoan parte hartuko duten lehenak; urtarrilaren 22an, Lehen Hezkuntzako laugarren mailakoak arituko dira; eta urtarrilaren 29an, Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetakoak, biak, batera. Ordubete iraungo du jolasak, eta eguraldi txarra badago aterpeetan arituko gara argazkiak ateratzen. Hala ere, ez dira nolanahiko argazkiak izango, guk eskatuko dizkiegun ezaugarri eta baldintzak betetako erretratuak izan beharko dute. Gainera, selfie onena edo dibertigarriena ere aukeratuko dugu", adierazi du Nekane Atxagak, Eskoriatzako Tortolis ludotekako hezitzaileak.

Neurri guztiak hartuta

Edukiera neurriak betetze aldera, hiru egubakoitzetan eskainiko dute ekintza bera. Hala ere, Hi selfie! argazki rallyan izena taldeka eman beharko dute egitasmoan parte hartu gura duten haurrek, eta gehienez sei haurrez osatutako taldeak izango dira. Beraz, Tortoliseko erabiltzaileei lehenbailehen izena emateko dei egin gura izan diete hezitzaileek. Hain zuzen, parte hartu gura duten haurrek Tortolis ludotekara joan edo 688 60 13 74 telefono zenbakira whatsapp-a bidali beharko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak