Axtrokiko arkulariak, punteria fintzen hasita

Imanol Beloki Unamuno 2021ko urt. 15a, 18:00

Joan den zapatuan, frontoian, Axtroki Arku Tiro taldeko hiru lagun geziak jaurtitzeko prest.

Axtroki Arku Tiro taldea zapatuetan batzen da, 10:00etatik 12:00etara bitartean, Joseba Iñurrategi pilotalekuan. Taldean zortzi lagun dauden arren, sei bakarrik elkartu daitezke, Eskoriatzako Udalarekin adostutako protokoloari jarraituz.

Duela urtebete sortu zen Eskoriatzako Axtroki Arku Tiro taldea, baina saioak urrian hasi zituzten. Hain zuzen ere, Joseba Iñurrategi pilotalekuan batzen dira zapatu goizetan, 10:00etatik 12:00etara bitartean, taldea osatzen duten arkulariak, euren zaletasuna praktikan jartzeko, goiz ona pasatzeko eta kirol horren ardatza den punteria hobetzeko asmoz.

Harrapatzen duen kirola

"Axtroki Arku Tiro taldea sortzeko federatu beharra zegoen Gipuzkoako Arku Tiro Federazioan, eta hori da lehenengo egin genuena. Horren ostean, norbanakoek ere lizentzia beharrezkoa dute praktikatu gura badute, eta taldea osatzen dugun zortzi lagunak federatuta gaude", adierazi du Oscar Escribanok, Axtroki Arku Tiro taldeko arduradunak.

Axtroki arku tiro taldekoak saio batean, frontoian.

Taldekide batzuk ikasten ari dira; beste batzuk, aldiz, esperientziadunak dira, baina, Escribanok azpimarratu duenez, saioekin hasi berri, parte-hartzaile guztiei gustatu zaie arku tiroa, eta "pozik" agertu da izan duen harreragatik. "Taldeko lizentzia ateratzeaz batera, norbanakoek ere lizentzia ateratzea ezinbestekoa dute. 14 urtetik beherako batek 46 euro ordaindu behar ditu eta heldu batek, berriz, 62 euro. Horrez gain, Axtroki Arku Tiro taldean aritzeko, hilero bost euroko kuota ordaintzen du parte hartzaile bakoitzak. Hortik ordaintzen dugu taldeko lizentzia eta materiala. Izan ere, geziak hautsi egiten dira, dianak ere behar izaten ditugu… Hala ere, baditugu arku eta geziak parte hartzaileei uzteko, baina jendeak gogoz hartu duen kirola izan da, askok erosi dituzte arkuak eta geziak…".

Txapelketan aritzeko, goizegi

Zapatuetan egiten dituzten arku tiro saioak "ondo pasatzeko" eta "ikasteko" direla adierazi du Escribanok. "Dibertitzeko batzen gara, eta oraindik ez da gure asmoa txapelketetan aritzea. Federatuta gauden heinean, aukera dugu horretarako, eta taldean badago bateren bat interesa duena. Hala ere, ikusteko dago... Ez gara profesionalak eta guztiok ari gara ikasten; beraz, kirol hau probatu gura duenak zabalik ditu ateak".

Arku tiroa probatzeko

Eskoriatza Axtroki Arku Tiro taldeko kideek adierazi dutenez, norbaitek arku tiroa probatu edo taldean sartu nahi badu, zapatu goizetan joan daiteke Joseba Iñurrategi pilotalekura.

Horrekin batera, informazio gehiago edo argibiderik nahi duenak axtrokiarkutiro@gmail.com helbidera idatzi edo 615 79 92 58 telefono zenbakira dei egin dezake.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak