Eskoriatzako ostalariek laguntza eraginkorragoak eskatu dituzte "hilzorian" dagoen sektorearentzat

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko abe. 18a, 19:22

Ostalaritza sektoreko profesionalek Eskoriatzan egindako elkarretaratzea.

Salatu dute era arbitrario batean erabakitzen dela beraien negozioen irekiera edo itxiera, eta Udalari babes eraginkorragoa eskatu diote. Udalak, bere aldetik, 30.000 euroko laguntza lerro berria iragarri du.

Jendetsua izan da Eskoriatzako ostalariek deituta gaur iluntzean plazan egindako elkarretaratzea. Eskoriatzako ostalariak ez ezik inguruko herrietakoak ere gerturatu dira, tartean Arrasatetik.

Bi pankartaren atzean egin dute elkarretaratzea. Batean irakur zitekeen Ostalaritza bizirik duen herria herri bizia da! Erreskate eta laguntza zuzenak orain!!!. Besteak, Arrasateko ostalarien sinadurarekin, SOStalaritza. Laguntzak orain! Rescate Ya! zioen.

Ostalarien eskaerak

"Eskoriatzako ostalari taldetik gure egonezina adierazi nahi dugu bai gu bai sektore honen atzean dagoen jende guztia jasaten ari den egoeragatik. Gure negozioen irekiera eta itxiera era arbitrarioan erabakitzen direla uste dugu. Honek eragin zuzena dauka hilzorian dagoen sektore batentzat", azaldu dute elkarretaratzean irakurritako idatziaren bidez.

Udalari laguntza eraginkorragoak eskatu dizkiote. "Udaletxe honetatik laguntza ezberdinak agindu zaizkigu. Egia da ia erabili ez ditugun terrazen tasak ez zaizkigula kobratu ezta zaborraren tasak ere. Hala eta guztiz ere, laguntza hauek ez dira nahikoak gure negozioentzako; izan ere, inongo diru sarrerarik gabe egin behar diegu aurre alokairuei, autonomoen kuotei, eta argindarra zein uraren gastu minimoei. Arrazoi honengatik, udaletxearen inplikazioa eskatzen dugu. Gure eskaerak entzun ditzala eskatzen dugu argitaratzen dituen laguntzak benetan lagun gaitzaten".

Bilera eskatu dute Udalarekin. "Laster biltzea espero dugu aurrera jarraitu ahal izateko, eta gure ateak ez ixteko kasu batzuetan jadanik gertatu den bezala".

Herritarrendako ere badute eskaera ostalariek. "Herritar guztien erantzukizuna eskatzen dugu egoera honetatik lehenbailehen atera ahal izateko".

Udalak 30.000 euro gehiago laguntzetan

Eskoriatzako Udalak gaur jakinarazi du beste 30.000 euro bideratuko dituela ostalaritzari laguntzeko. "Azken egunetako datu epidemiologiko txarrek eta koronabirus kasuen gorakadak Eskoriatzako tabernak eta jatetxeak ixteko agindua ekarri du. Itxiera horri erantzuteko eta bereziki geldialdiak sektoreko langileengan izango duen eragina arintzeko, Eskoriatzako Udalak premiazko laguntza lerro berezia onartu du", azaldu dute.

Laguntza bi irizpideren arabera emango dela zehaztu dute. "Batetik, egoitza soziala Eskoriatzan duten ostalaritza-establezimenduek 500 eurorainoko laguntza jaso ahal izango dute, dagoeneko erosita dituzten produktu galkorren kostua konpentsatzeko. Bestetik, laguntza ekonomikoa emango zaie negozioaren titularrei edo autonomoei eta itxiera-datan kontratatutako langileei, lanik egiten ez duten egunengatik soldata-galera neurri batean behintzat arintzeko".  Pertsona bakoitzari dagokion zenbatekoa kontratuaren eta lanaldiaren araberakoa izango dela argitu dute.

Udalak emandako datuen arabera gaur iragarritako premiazko laguntza ez da ostalaritzara bideratu den bakarra izan, eta azaldu dute pandemia hasi zenetik 56.000 euro bideratu direla ostalaritzara. Zehaztu dute, aurretik, sektoreak 26.000 euroko laguntza jaso duela. "Besteak beste, 19.115 euro hondakinak biltzeko eta terrazak jartzeko tasak eta zergak barkatzeko, eta 18.651 euroko eta 40.000 euroko partida bana prestatu dira, hurrenez hurren babes eta higienerako materiala erosteko eta enpleguari eusteko laguntzetan. Azken bi laguntza horietan 7.450 euroko eskaerak egin dituzte, orain arte, ostalariek".

 

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak