Eskoriatza, lidergoa sendotzeko gosez

Hasier Larrea 2020ko abe. 11a, 06:00

Hirutik hiru irabazita, Hirugarren Mailako talderik indartsuena dela erakusten jarraitu nahi du taldeak, zapatuan bigarren sailkatua den Batzarreri irabaziz gero; Euskal Ligan dauden Mondratek eta UDAk ere etxean jokatuko dute

Ligan garaipena besterik ezagutzen ez duen talde bakarra da Eskoriatza KE. Estatistika borobil hori mantendu nahi dute Iker Molinaren mutilek, eta, bide batez, atzetik dituzten taldeekiko aldea handitu. Zapatu arratsaldean, aukera ederra izango dute horretarako, bi puntu atzetik dagoen Batzarre talde gasteiztarraren bisita jasoko baitute Miguel Muñoz kiroldegian, 18:00etan hasita. Irabaziz gero, bost puntuko errenta lortuko lukete eskoriatzarrek euren zapatuko aurkariarekiko, zeintzuek bigarren postuari eutsiko lioketen. Txapelketaren herenera iritsita, gainontzeko partidei konfiantza handiz aurre egiteko moduan jarriko litzateke, beraz, Eskoriatza.

Hilabeteko etenaldiak ez dirudi txapelketako liderrari kalterik egin dionik; Eskoriatzak Aerolink Elorrietakori egin zion bisita joan den zapatuan, eta tarte txikienagatik garaipena etxera eraman zuen. Areto futboleko Hirugarren Maila, edo Liga Nazionala, urriko azken egunean hasi zuten, Gasteizko Aurreraren zelaian 1-4 irabazita. Bost goleko aldeagatik lortu zuten garaipena hurrengo asteko etxeko partidan, Scorpio Alkidebaren kontura.

Mondrate eta UDA, berdinduta

Maila bat beherago dauden bailarako beste bi taldeek, UDAk eta Mondratek, joan den asteburuan ekin zioten lehiari. Aretxabaletarrek seina egin zuten Goierrirekin; arrasatearrek, ostera, launa Zirauntzarekin. Biak bisitari aritu ziren aurkarien aurrean.

Lehen garaipena eskuratzera kantxaratuko dira, beraz, ibarreko bi ordezkariak. Mondratek Uxoa talde laudiarra jasoko du zapatuan Musakolako kiroldegian, 18:00etan hasita. UDAk Zabalgana Zaraunari egingo dio aurre hurrengo egunean, 17:30ean, Ibarra kiroldegian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak