Argien piztuera, ekitaldi berezirik antolatu gabe

Imanol Beloki Unamuno 2020ko abe. 2a, 16:51
Joan den astean, Eskoriatzako Udaleko brigadako langileak Gabonetara begirako argiak jartzen aritu ziren.

Egubakoitz iluntzean piztuko dituzte Gabonetako argiak Eskoriatzako herrigunean zein elizateetan. Horrekin batera, gehienbat birziklatutako materialekin egindako apaingarrien lehiaketa jarri du martxan Eskoriatzako Udalak.

Gabonetako argiak egubakoitz iluntzean piztuko dituzte Eskoriatzan, inongo ekitaldi berezirik gabe. Udalak adierazi du argiak jartzeko aurrekontua %70 murriztu dela iazkoarekin alderatuta, eta, argien gastuari dagokionez, gehiena herriko zenbait puntu apaintzeko LED argi-zerrendak erosteko inbertsio gisa egin dela adierazi dute. Aurreko urtean bezala, elizateak eta Elorreta eta Kuatruena auzoak ere argiztatuko dituzte.

Apaingarrien lehiaketa

Gabonetako argiez gain, gehienbat birziklatutako materialekin egindako Gabonetako apaingarrien lehiaketa antolatu du Udalak, eta, horrekin, jendea gonbidatu nahi du Gabon jaiez modu arduratsuan pasatzera eta ingurumena errespetatuz gozatzera.

Lehiaketaren helburua da botatzeko diren hondakinei beste erabilpen bat emanda Gabonetako apaingarriak egitea, bai leihoetarako eta balkoietarako, bai erakusleihoetarako eta espazio publikoetarako ere. Teknika librea erabilita, establezimendua, erakusleihoa, balkoia, ataria, lorategia, auzoa edo antzekoa apainduz parte hartu nahi duten establezimendu, auzotar talde, kuadrilla, talde edo norbanako guztiek parte hartu ahal izango dute. Baldintza bakarra izango da apaindutako espazioa kaletik ikusi ahal izatea. Hori horrela, espazioak abenduko zubian apaintzen hastea komeni dela nabarmendu du Udalak; auzoguneak, berriz, apaingarrien iraunkortasunaren eta ezaugarrien arabera apaintzea gomendatzen dute; betiere, abenduaren 18an ahalik eta kalitate onena mantentzeari begira; lehiaketaren oinarri guztiak udal webgunean daude.

Lehiaketan parte hartzeko, whatsapp bat bidali beharko da, abenduaren 18a baino lehen, 650 49 51 66 zenbakira, honako datu hauekin: arduradunaren izenabizenak, apaindutako espazioa eta horren argazkia. Parte hartzaileek bidalitako argazkiak, berriz, Udalaren webgunean jartzen joango dira –egileak identifikatu gabe–.

Sariak bonuetan emango dira

Sariak bonuetan emango dira, Eskoriatza bizirik kanpainari atxikitako establezimenduetan gastatzeko. Honako hauek izango dira: 100 euro establezimendu onenari, 200 euro auzune onenari, 100 euro balkoi edo leiho onenari, 100 euro atari onenari eta 30 euroko 10 sari banatuko dira parte hartzaileen artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak