Matriuska bata bestearen barnean sarturik dauden panpina multzoa da, handitik txikira. Hain zuzen, errusiar panpinen egiturari tiraka hasita sortutako lana da Iraia Eliasek eta Amancay Gaztañagak aurkezten dutena. "Emakumez jositako emakume bat da Matriuska, eta panpinaren metaforak bere azalean bizi zuen hausnarketa izendatzen lagundu dio Eliasi; aurretik bizi eta izandako andreen zantzuak bilatuz bere larruan. Nire gorputz honetan ba al dago aurreko emakumeen gorputzen informaziorik? Iritsi al da zerbait?". Galdera sorta egituratu, antzezlan proposamen bilakatu eta idazketa beka bat eskuratzeko aurkeztu zuen obra.