Adierazpen instituzional bateratuak, onartuta

Imanol Beloki Unamuno 2020ko aza. 25a, 12:15

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren kartela. Argazkia: Ipintza Institutua

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunarekin, 2020ko Euskararen Nazioarteko Egunarekin eta Mendebaldeko Saharako su-etenaren amaierarekin lotutako adierazpen instituzionalak aho batez onartu zituzten, atzo, martitzena, egindako osoko bilkuran.

Azaroko ohiko osoko bilkura izan zuten martitzenean Eskoriatzako udalbatzako kideek, eta azpimarratzeko hiru puntu nagusiak adierazpen instituzional gisa aurkeztu zituzten; guztiak aho batez onartu zituzten.

Azaroaren 25eko adierazpen instituzionala Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira, Mendebaldeko Saharako su-etenaren amaieraren aurrean adierazpen instituzionala egiteko proposamena eta 2020ko Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpena izan zituzten hizpide.

Lanean indarkeriaren aurka

Era telematikoan egindako azaroko osoko bilkura aurretik, Udal Gobernuak eta oposizioak norbere proposamenak prestatuta zituzten arren, adostasunera iritsi eta elkarrekin landutako adierazpen instituzionala onartu zuten azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira. "Herritarrengandik hurbil gaudenez, euskal udalok ahotsa jarri nahi diogu gure udalerriek emakumeekiko eta indarkeria matxistaren beste biktima batzuekiko duten elkartasunari. Gure erantzukizuna gure gain hartzen dugu, erakunde, kolektibo feminista eta emakumeen kolektibo, aditu eta gizarteko eragile guztiekin lankidetzan eta koordinatuta. Horregatik guztiagatik, Eskoriatzako Udalak zenbait konpromiso hartzen ditu –Eskoriatzako udal webgunean guztiak ikusgai–, adierazi zuen, besteak beste, Joserra Zubizarreta Eskoriatzako alkateak.

Horrekin batera, Eluska Irazu EH Bilduko bozeramaileak honako hau gaineratu gura izan zuen: "Osoko bilkura aurretik egin dugun bileraren ostean, bertan behera utzi dugu gure testua. Mahai gainean jarri dugun proposamena izan da herriko emakume talde feminista horiei aitortza egitea, ematen ari diren pausoak garrantzitsuak direlako, beraien baitan hainbat errealitate daudelako… eta garrantzitsua da kontuan hartzea. Gure testua gai ordenatik kendu, eta Eudeleko testuan ezarrita, gure atxikimendua adierazten diogu".

Alkatearen esker mezua

"Eskertu beharra daukat, alkate bezala, bi alderdiok adierazi duzuen jarrera. Batzuetan, halako egoeretan edo erabakietan erraza izaten da; beste batzuetan, ez hainbeste. Eta suposatzen dut ahalegin honek etorkizunean indarkeria jasotzen duten emakume horien guztien aldeko apustua izango delakoan…", adierazi zuen alkateak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak