Merkataritzarako eta ostalarientzatzako laguntzak ezarri ditu Eskoriatzako Udalak

Imanol Beloki Unamuno 2020ko aza. 20a, 15:34

Eskoriatzako plaza.

Eskoriatzako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak hainbat neurri hartu dituzte COVID-19ak merkataritzan eta ostalaritzan, salmenten jaitsieragatik eta establezimenduak itxi behar izateagatik, izan dituen ondorio larriak arintzeko. Horrekin batera, Udalak, bere aldetik, erabaki du bigarren seihilekoko zabor tasan hobaria egitea itxi behar izan duten ostalaritza establezimenduei eta Ur Kontsortzioarekin lanean ere ari direla adierazi dute, uraren tasa finkoa barkatu ahal izateko itxi behar izan duten establezimenduei.

Ostalariek, dagoeneko, eskatu ditzakete beraientzako laguntza zuzenak Eusko Jaurlaritzaren webgunean.

Itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak dira, eta honela banatuko dira:

  • 1-3 langileko establezimenduak: 3.000 euro.
  • 4-10 langileko establezimenduak: 3.500 euro.
  • 10 langiletik gorako establezimenduak: 4.000 euro.

Kasu guztietan, langileen kopuru osoan autonomoak zein soldatapekoak sartzen dira.

Eskoriatzako Udalak, bere aldetik, ez ohiko osoko bilkuran erabaki zuen bigarren seihilekoko zabor tasan hobaria egitea itxi behar izan duten ostalaritza establezimenduei. Hobaria legeak uzten duen handiena izango da, % 95ekoa, eta horrek, establezimendu horien gastu finkoa murriztea ekarriko du, 9.300 bat euro guztira. Hobari hori lehen seihilekoan zabor tasa barkatzeko onartu zenaren berdina da, terrazen zerga barkatzekoarekin batera onartu zena. Guztira, 40.000 euro inguruko kostu murrizpena ostalaritzarentzat.

Bestalde, Gipuzkoako Ur Kontsortzioarekin lanean ari direla adierazi dute udal ordezkariek uraren tasa finkoa barkatu ahal izateko itxi behar izan duten establezimenduei.

Datorren astean argitaratuko dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean beste bi dirulaguntza:

  • Lehenengoa, 18.651 eurokoa, COVID-19tik babesteko merkataritza establezimenduetan jarritako babes elementuentzat.
  • Bigarrena, 40.000 eurokoa, 20 langile baino gutxiago izan eta enplegu-erregulazio espedientean dauden enpresentzat, langileei ordaintzeko. Laguntzak, gehienez ere, 900 eurokoak izango dira langile bakoitzeko, eta, guztira, gehienez ere, 2.700 euro enpresa bakoitzeko.

Laguntza horiek bateragarriak dira Eusko Jaurlaritzak zein Espainiako Gobernuak martxan jarritako dirulaguntzekin; adibidez, Lanbidekoekin, urtean 20.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituzten langileen enplegu-erregulazioko espedienteak 150 euro gehigarriekin osatzen dituztenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak