Eskoriatza Bizirik kontsumo bonuen kanpainaren hirugarren faseko 1.000 bonuak bost egunean saldu dira. Eskoriatzako Udalak jakinarazi du "arrakasta handia" izan duela egitasmoak, eta, orain, gehien saldu diren komertzioen azterketa egingo duela, feedbacka jasotzeko, aurrera begira "kanpaina eraginkorragoa" egiteko helburuarekin.
Ostalaritzako establezimendu, fisioterapia edo osteopatia zentro, ile-apaindegi edo estetika zentro eta janari denda batzuetan eta liburu dendan erabili ahal izan dira bonuak. Hain zuzen ere, bonuak hartzen dituzten komertzio edo zerbitzuetako establezimenduek bonuak hartzen dituztela identifikatzeko kartela izan dute jarrita, eta "oso pozik" daude izan duen harrerarekin. Baita merkatariak ere:

|
JAVI ALTUNA. ALTUNA ANAIAK HARATEGIA "Pozik gaude bonuekin. Beharrezkoa da halakoak egitea herritarrak mugitzeko, eta beraiek, gu bezala, gustura aritu direla esango nuke". |
ARANTXA RUIZ. CARMEN MERTZERIA "Denbora da bonuek hain ondo ez zutela funtzionatzen. Urtean hainbat kanpaina egitea oso ondo legoke, dena hain jarraian barik, baina oso pozik gaude". |
ITZIAR OYARZABAL. KIMU ILE-APAINDEGIA "Gurean asko erabili dira. Bezero asko hemendik pasa ostean berriz etorri izan dira bonuak erabiltzera. Iniziatiba oso ona izan da". |
Emaitzak aztertzeko ordua
Azaroan, hirugarren faseko bonu urdinen salmenta martxan jarri berri, bi egunean 590 bonu saldu zirela adierazi du Udalak, eta, orokorrean, komertzio guztietan izan dutela harrera beroa adierazi du Antonio Regaño zinegotziak: "Carmen mertzerian, Oreka bizikleta dendan eta harategi eta ile-apaindegi guztietan izan dute, batez ere, harrera oso ona. Orain, balorazioa egingo dugu, eta aurrera begirakoak planteatu. Honekin batera, herritarrei jakinarazi gura diegu bonu guztiak saldu direla, eta komeni da abisatzea, Ibarraundira bonu bila ari delako joaten".
Bonuen kanpainari atxikitako establezimenduak: Estetika zentroak 9, Osasun zentroak 2, Ostalariak 6, Janari dendak 4, Dendak 4:

Gabonetako apaingarriak
Bestetik, Gabonetako apainketa lehiaketa antolatu du Udalak. Tailerra 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago; bi egunetan egingo da, azaroaren 24an eta 26an, 17:00etatik 18:00etara bat eta 18:15etik 19:15era bigarrena. Tortolis ludotekakoak arduratuko dira tailerraz, eta, hain zuzen, birziklatutako materialarekin apaingarriak egiten arituko dira.