Leire Rato, combat samboko Espainiako txapeldun

Imanol Beloki Unamuno 2020ko aza. 6a, 11:34

Leire Rato, samboko Espainiako txapeldun.

Atama Eskoriatza taldeko Leire Rato borrokalariak Espainiako combat sambo txapelketa irabazi du Murtzian. 60 kiloko kategorian urrezko domina lortu zuen, eta denboraldi honi begira beste zenbait erronka ere baditu helburu.

Atama Eskoriatza taldeko Leire Rato borrokalari gasteiztarrak urrea lortu zuen urriaren 18an Murtzian jokatutako Espainiako combat sambo modalitatean. Lehen aldiz lehiatu da modalitate honetan, eta, "oso gogorra" dela azpimarratuz, full kenpo eta semi kenpo modalitateak baztertu barik jarraitzea eta Errusian jokatuko den Munduko Txapelketarako sailkatzea du helburu.

Emakumezkoen combat sambo txapelketa egitea erabaki zenean, orain arte egin bako modalitatea probatu gura izan zuela adierazi du Ratok: "Orain arte egin ditudanekin alderatuz, modalitate gogorra eta basatiagoa dela esango nuke. Lurretik arrastaka gehiago aritzen zara combat sambo-n, eta burukadak ere eman ditzakezu… Hiru borroka izan nituen, eta, hirurak irabazita, gogoz nago jarraitzeko".

Leire Rato borrokalaria Espainiako combat sambo txapelketa irabazi ostean.

Domina ugari batuta

Espainiako txapelketan, full kenpo-n eta semi kenpo-n urrezko dominak ditu Ratok, eta semi kenpo-n, gainera, Europakoan eta mundu mailakoan hirugarrena ere izan da. Hala, hurrengo erronka Errusian jokatzekoa zen Munduko Txapelketan parte hartzea zen, baina bertan behera geratu dela adierazi du: "Europako eta munduko txapelketak bertan behera gertatu dira, eta, bitartean, entrenatzen jarraitzea geratzen zaigu. Eskoriatzako frontoian entrenatzen gara, tatamia ezin dugulako erabili; batez ere, korrikan eta pisuarekin ari gara. Izan ere, ezin dugu kontakturik izan. Hala ere, etxean badut txoko bat prestatuta, eta entrenatzen jarraitzen dut".

Modako kirola

Ratok lau urte daramatza Atama Eskoriatza taldean, eta, Rafa Carriet entrenatzailearen gidaritzapean pauso handiak ematen ari dela azpimarratzeaz batera, talde sendoa dutela adierazi du: "Modan dagoen kirola da, eta jende berri asko sartu da azken urteetan taldean".

Atama kluba, lorpenak pilatzen

Rafa Carriet Atama Eskoriatza taldeko entrenatzailearen gidaritzapean, 2007. urtetik gaur egunera arte lorpen ugari izan dituzte bertan ari diren edo bertan aritutako borrokalariek. Munduko txapeldunak eta txapeldunordeak, Europako txapeldunordeak eta Espainiako txapeldunak, besteak beste, kenpoan, K1, combat sambo eta teknika borrokan.

2017an, Espainiako txapelketatik bueltan, domina ugari batuta.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak