1.000 bonu urdin jarriko dituzte salgai azaroaren 2an

Imanol Beloki Unamuno 2020ko urr. 29a, 10:06

Osasun larrialdiak sortutako kalteak arintzeko, Udalak Eskoriatzako komertzio eta zerbitzu establezimenduetan gastatzeko erosketa bonuen kanpainaren lehenengo eta bigarren faseak abiarazi zituen uztailean eta irailean, hurrenez urren, eta dagoeneko urteko azkenengo faseari hasiera ematear dago.

Urriarekin batera bonu berdeak eta gorriak iraungiko dira. Hau da, urriaren 31tik aurrera ez dira bonu gorriak eta berdeak hartuko. Aldiz, azaroaren 2tik abenduaren 31 bitartean, bonu berriak, urdinak, onartuko dira.

Eskoriatza Bizirik bonuen kanpainaren hirugarren faseko bonuak.

Funtzionamendu berberarekin

"Guztira, 1.000 bonu urdin jarriko ditugu salgai Ibarraundi museoan, eta, funtzionamenduari dagokionez, ez da aldaketarik aurreikusten", adierazi du Nerea Arana Ibarraundiko teknikariak. Hori horrela, 15 euroren truke 30 gastatzeko aukera emango zaie herritarrei. Bonuak 5, 10 eta 15 eurotan banatuta egongo dira, eta Eskoriatza Bizirik bonuen kanpainari atxikitako edozein establezimendutan erabiltzeko aukera egongo da; besteak beste, ostalaritzako establezimenduetan, fisioterapia eta osteopatia zentroetan, ile-apaindegietan, estetika zentroetan, janari denda batzuetan eta liburu dendan. Hala ere, bonuak hartzen dituzten komertzio edo zerbitzuetako establezimenduek bonuak hartzen dituztela identifikatzeko kartela izaten jarraituko dute eta Ibarraundin salduko dira astelehenetan eta egubakoitzetan 11:00etatik 13:30era eta eguaztenetan 17:00etatik 19:30era. Nortasun agiria eskatuko da momentuan, eta ordainketa kreditu txartelarekin egin beharko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak