Uraren tasak, Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren esku

Imanol Beloki Unamuno 2020ko urr. 24a, 09:07

Kerexetaren omenez minutu bateko isilunea egin zuten osoko bilkuran.

Orokorrean, zergak eta tasak mantendu egingo dituzte, salbuespenekin. OHZ, ibilgailuen zerga, aktibitate ekonomikoena… mantendu egingo dira. Zaborren tasa, berriz, %4,1 igoko da eta kiroldegian ere euro bat igoko da urteko abonamendua.

Joan den astean hil zen Iñaki Kerexeta Eskoriatzako Elizateen Elkarteko zinegotzia oroituz, minutu bateko isiluneaz hasi zuten urriko ezohiko osoko bilkura Eskoriatzako udalbatzako kideek. Horrekin batera, loreak utzi zituzten Kerexeta esertzen zen lekuan, bera gogoan. Horren ostean hasi ziren mahai gainean jarritako gaiak tratatzen. Gai zerrendari dagokionez, azpimarratzeko bi puntu izan ziren: batetik, pandemiak dirauen bitartean, batzordeak eta osoko bilkurak era telematikoan egitea onartzea; eta, bestetik, 2021erako Ordenantza Fiskalak aldatzeko proposamena onartzea.

Telematikoki batuko dira

Pandemiaren lehen sei hilabeteetako batzordeak eta osoko bilkurak telematikoki egin zituzten udal ordezkariek. Iraileko osoko bilkurara, berriz, era fisikoan egin zuten, berriz osoko bilkuren aretora bueltatuta. Edozelan ere, osasun larrialdi egoerak dirauen bitartean kide askotariko organoen bilkurak era telematikoan egitea onartu zuten martitzenean, aho batez.

Udal Gobernuaren proposamena

EAJren 2021erako Ordenantza Fiskalen proposamena onartua izan zen, alderdi jeltzalearen baiezko eta EH Bilduren ezezko botoekin. Bilduk egindako bi proposamen onartuak izan ziren arren –baserritarrek udal baskula erabiltzean %95eko onurak izatea eta kiroldegian langabezian daudenentzako igoerak izoztea–, ez zuten nahikotzat jo oposizioko kideek baiezkoa emateko.

Ur tasa, Kontsortzioaren esku

Honako hau adierazi zuen Josu Ezkurdia alderdi jeltzaleko bozeramaileak Ordenantza Fiskalen proposamena mahai gainean jartzean: "Zerga guztiak mantendu egiten ditugu: OHZ/IBI, ibilgailuak, aktibitate ekonomikoak eta abar. Uraren tasa, berriz, Ur Kontsortzioak kudeatuko du, eta ondorio bat da tasak beraiek ezarriko dituztela, eta ez Eskoriatzako Udalak. Hala ere, hobekuntzak izango ditu honek: kontsumo baxuko etxebizitzek -%8 inguru ordainduko dute eta kontsumo altukoek, aldiz, gehiago ordaintzen jarraituko dute. Zerbitzuaren eta arretaren kalitatea hobetuko da; egin dugun hitzarmenak dio datozen hamar urteetan milioi bat euro inbertituko duela Urak-ek gure sarea elikatzen, eta sare berria izango da Marinen eta Zarimutzen. Hala, jasangarritasunaren aldeko apustua egiten dugu. Aurtengo tarifekin alderatuz, bestalde, kontsumo baxuko familiak –1-30 m3 bitartekoak– 42 eurotik 38 euro ordaintzera pasatuko dira; kontsumo ertainekoak –31-60 m3– 65 eurotik 71 eurora pasatuko dira; eta kontsumo altukoak –61 m3 baino gehiago– 112 eurotik 115 euro ordaintzera pasatuko dira. Zaborren tasak, berriz, %4,1eko igoera izango du, eta kiroldegiko abonuak ere euro bateko igoera izango du urtean, COVID19aren ondorioz, langabezian daudenei aplikatuko ez zaiena, eta ikastaroetan, %0,3ko igoera aplikatuko da…", adierazi du Josu Ezkurdiak, EAJko bozeramaileak.

EH Bilduren erantzuna

"Baliabide naturalen kudeaketa arduratsuagoa egite aldera, bi proposamen egin ditugu: batetik, ur kontsumo orekatua bideratuz; eta, bestetik, konposta egitea bultzatuz. Udal Gobernuaren proposamenean, ur kontsumoa merkeagoa izango zaigula saldu zaigu. Datuak arretaz irakurrita, aldiz, denentzako merkeagoa ez dela izango ohartu gara. Hilabetean 7,6 m3 baino gutxiago –%7,5– eta asko kontsumitzen dutenek –hilabetean 25,3 m3, %25– bakarrik izango dute merkeago, baina ez eskoriatzarren %60k –10 m3 eta 30 m3 artean kontsumitzen baitute–. Garbi adierazi nahi dugu Ur Kontsortzioak kudeaketa integrala eramatearekin ados gaudela, zerbitzuen hobetzea ekarriko baitu, baina ez fruituak eman, ur politika egiteko eskumena galduko baita. Bestalde, gure gazteen etorkizuna eraikitzeko esperantza badagoela ere erakutsi nahi izan diegu…", adierazi du Nestor Aranak, Bilduko bozeramaileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak