Hilero bi solasaldi, literaturan murgiltzeko

Imanol Beloki Unamuno 2020ko urr. 19a, 17:47

Maiatzean, opor aurretiko literatura solasaldian batutakoak. Argazkia: Eskoriatzako Biblioteka

Urrian bi liburu jorratuko dira Literatura Solasaldien barruan: bata euskaraz eta bestea gazteleraz. Urriaren 22an, Kamisoi zuri zetazkoa liburuaren gainean hausnartuko dute; eta urriaren 29an, berriz, Monasterio lana landuko dute.

Denbora batez geldi egon ostean, kultura ekitaldiak berriz hasi da programatzen Eskoriatzako Udala. Iñaki Encina piano-jotzailearen eta Adriana Gonzalez sopranoaren kontzertua izan da, baita Ostegun Bidaiariak egitasmoaren barruan hiru kontaketa, eta Euskaraldiaren baitan Txor-txor bakarrizketa umoretsua. Guztiak, Zaldibar antzokian, edukiera murriztuarekin eta segurtasun neurri guztiak hartuta. Hala, "musika, hitzaldiak eta antzerkia izango dira nagusi aurtengo azken hiruhilekoaren egitarauan", adierazi dute Kultura Saileko arduradunek.

Literatura solasaldiak

Eskoriatzako bibliotekak aukeratutako liburuak irakurri eta horien gainean hitz egiteko, aztertzeko eta zenbait ondorio ateratzeko antolatzen diren literatura solasaldiek arrakasta izaten dute Eskoriatzan. Hala, aurreko edizioetan izandako arrakasta kontuan izanda, urrian literatura solasaldiak izango dira berriro, bai euskaraz eta baira gaztelaniaz ere. Euskaraz Alaine Agirre idazlearen Kamisoi zuri zetazkoa liburua jorratuko da lehenengo, urriaren 22an, eta gidari lanetan beste zenbait edizioetan izandako Mikel Antza arituko da. Eduardo Halfon idazlearen Monasterio liburua, bestalde, gaztelaniaz jorratuko da, urriaren 29an. Kasu horretan, solasaldietan gidari berria izango den Ane Zapatero arituko da.

Bi liburuen solasaldiak 18:00etan kultura etxean izango dira, baina parte hartu nahi dutenek liburutegira jo beharko dute izena ematera, edo bertara deitu, 943 71 31 35 telefono zenbakira; edo Whatsappez 674 11 19 55 zenbakira idatziz. Bibliotekako arduradunek jakinarazi dutenez, azaroan beste bi libururen solasaldiak izango dira, eta abenduan beste birenak. Horien berri aurrerago emango dutela adierazi dute.

Ipuin kontaketak Zaldibarren

Horrekin batera, orain arte bibliotekan egin izan diren ipuin kontaketak Zaldibar antzokian egingo dira hemendik aurrera, eta, hori horrela, urriaren 29an, 18:00etan, Ines Bengoa kontalaria izango da, 4 urtetik aurrerakoei zuzendutako ipuinak kontatzen. Antolatzaileek adierazi dutenez, sarrera doakoa da, baina gonbidapena liburutegian eskatu beharko da, derrigorrez: bertara joanda, biblioteka@eskoriatza.eus helbidera idatzita, deituta edo Whatsappez. Hain zuzen, ipuin kontaketan izango den jende kopurua jakiteko eta edukiera gainditzen ez dela ziurtatzeko.

ZALDIBAR ANTZOKIAREN EDUKIERA 56 ESERLEKUTARA MURRIZTU DA

Oscar Terolen bakarrizketa

Hilaren bukaeran, urriaren 25ean, aldiz, Oscar Terol umoristak Por comentarlo! ikuskizuna aurkeztuko du Zaldibar antzokian. Ordubete inguruko iraupena izango duen bakarrizketa 19:00etan hasiko da, eta gazteleraz izango da. Hala, bere ikuskizunean gaurkotasunari errepasoa egiten dio, umorez, begirada ironikoarekin, Terolek dioen moduan, "arima masajeatu, estresetik libratu eta erlaxatzen duena".

Oscar Terolen Por comentarlo! ikuskizunerako sarrerak martitzenean jarri zituzten salgai, bost eurotan, Manuel Muñoz kiroldegian, eta Eskoriatzako Udaletik jakinarazi dutenez, ikuskizunerako sarrera guztiak agortu dira.

Azarora begirakoak

Azarorako ere laster emango du Eskoriatzako Udalak antolatu dituen ekitaldi guztien berri. Hala nola Pirritx, Porrotx eta Marimototsen azken lanaren estreinaldia, Beheko Errota musika eskolako bandaren kontzertua, lehen mailako hizlariekin zenbait hitzaldi, antzerkia…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak