Azaroan hasiko dute bonuen hirugarren fasea

Karmele Uribesalgo 2020ko urr. 16a, 10:29

Eskoriatza Bizirik kanpainaren hirugarrenari faserako beste mila txartel aterako ditu Udalak. Urdinak izango dira, eta urte amaierara arte egongo dira erabilgarri. Aurreko bi faseetakoak, berriz, berdeak eta gorriak, urriaren 31ra arte erabili ahal izango dira.

Udalak martxan jarritako Eskoriatza Bizirik bonuen kanpainaren hirugarren faseari azaro hasieran ekingo zaio. Aurreko bi faseetako bonu guztiak salduta daude jada. Berdeak ziren lehen faseko txartelak, eta gorriak bigarrenekoak. Biak ala biak urriaren 31 baino lehen erabili beharko dira. Behin hori amaituta emango zaio hasiera hurrengo faseari; 1.000 txartel aterako dituzte eta urdinak izango dira. Urte amaierara arte erabili ahal izango dira; abenduaren 31 izango da txartelak trukatzeko azken eguna.

Eskoriatzako Udalak ez du aurreikusi aldaketarik hirugarren faserako. Hasiera batean, funtzionamendua bera izango da. Orain arte bezala, txartelak Ibarraundi museoan egongo dira salgai: astelehen eta egubakoitzetan 11:00etatik 13:30etara eta eguaztenetan 17:00etatik 19:30era. Eskoriatzan erroldatuta dagoen adinez nagusi den edozeinek izango du txartel horiek erosteko aukera.

Bonu bakoitzak 30 euroko balioa du: 5 euro, 10 euro eta 15 euroko zatitan banatuta daude, eta zatiezinak izango dira. Gauzak horrela, 15 euroren truke, 30 euroko balioa duen bonua jasoko dute herritarrek Udalaren partetik.

Askotariko establezimenduetan erabili daitezke txartelok: ostalaritzan, fisioterapia edo osteopatia zentroetan, ile-apaindegi edo estetika zentroetan zein janari eta liburu dendetan, esaterako. Familia unitateko kide guztiek erosi ahalko dituzte bonuak, baina pertsona bakoitzak bonu bakarra eskuratu ahal izango du.

COVID-19aren pandemiak eragindako krisiari buelta emateko asmotan jarri zuen martxan kanpaina Udalak. Herriko negozioei laguntzeko modu bezala sortu zen ekimena, baita salerosketak pizteko eta egoerak kaltetutako familiei laguntzeko era moduan ere.

Balorazio positiboa

Eskoriatzako Udalak modu positiboan baloratu du bonuen kanpaina. Azaldu dutenez, pozik daude ekimenak izan duen erantzunarekin. Horrez gain, adierazi dute bai herritarrak, baita dendariak ere "gustura" daudela txartelen kanpainarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak