Iñaki Kerexeta hil da, Eskoriatzako Elizateen Elkarteko zinegotzia

Imanol Beloki Unamuno 2020ko urr. 14a, 10:33

Iñaki Kerexeta Eskoriatzako Elizateen Elkarteko zinegotzia.

Iñaki Kerexeta Eskoriatzako Elizateen Elkarteko (EEE) bozeramailea hil da bihotzekoak emanda. Aurreko agintaldian zein oraingoan, Elizateen Elkarteko zinegotzi moduan aritu da Eskoriatzako Udalean, eta, atsekabez hartu dute albistea udalbatzako kide guztiek.

Joseba Iñaki Kerexeta (Eskoriatza, 1958) Eskoriatzako Elizateen Elkarteko (EEE) bozeramailea izan da 2015-2019 agintaldian, eta, gaur egungo agintaldian ere bera zen elizateen ordezkari udaletxean. Gainera, bi batzorde informatzailetako kide izan da: batetik Hirigintza, Mugikortasun eta Ingurumen batzordea, eta bestetik Pertsonal eta Ogasun batzorde informatzailea. Zarimutz elizateko Palazio baserrikoa, ezkondua, eta bi semeren aita,  bihotzekoak emanda zendu da, eta udalbatzako kideek penaz hartu dute albistea. Jose Arana zaharren egoitzakoek eta Eskoriatzako Elizateen Elkartetik  eskerrak eman gura izan dizkiote egindako lanagatik. Hona hemen Goienan jarri dituzten [eskelak].

Elizateen alde, lanean

2015eko agintaldian, elizateen beharrak asetzeko gogoz batu zen Eskoriatzako Elizateen Elkarteko zerrenda osatzen duten kideen artera, eta, Eskoriatzako alderdi jeltzalearekin batera, Udal Gobernuko kide ere izan da sei urte hauetan. Apotzaga, Bolibar, Gellao, Marin, Mazmela, Mendiola eta Zarimutz dira Eskoriatzako zazpi elizateak, eta Lete auzoa ere taldean sartuta dago. Azken hau, Eskoriatzako auzoa da eta elizate guztiak bizigune izateko lanetan aritu da Kerexeta. Landa inguruan nekazaritza, abeltzaintza eta basozaintzarekin lotutako jarduerak bultzatzen, eta aldi berean landa inguruko erabakiak hartzen diren tokietan parte hartzen ere izan da (Udalean, Mankomunitatean eta Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko patronatuan) Kerexeta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak