Beheko Errota musika eskolak hasi du ikasturte berria, eta, egoitzak dituen ezaugarriengatik eta dituzten ikasle kopurua kontuan hartuta, egoera berrira egokitzeko zenbait aldaketa egin dituzte.
Matrikulatzeko epea amaituta, eskola indibidualak hartzeko aukera dagoela oraindik jakinarazi dute musika eskolako arduradunek, eta, beraz, interesatuek matrikulazioak egin ditzakete, bertara joanda, 943 71 49 95 telefono zenbakira deituz, edo posta elektronikoz, musikesko@hotmail.com helbidera idatziz. Horrekin batera, itxarotezerrenda dutela adierazi dute, eta urtean zehar norbaitek izena eman gura badu aukera izango duela nabarmendu dute.
Distantzien garrantzia
"Aurten, 270 ikasle egongo dira musika eskolan, gutxi gorabehera. Dantzako saioetan, esaterako, 1,80 metroko distantzia mantentzen dute eta bakoitzak bere laukia du lurrean dantza egiteko. Bandaren kasuan, berriz, 1,50 metroko distantzia mantentzen da musikarien artean, eta, horretarako, ohiko egitura aldatu egin dugu. Hau da, lehen, maskor formatua genuen ezarrita, baina orain, lerrokatuta jartzen dira musikariak entseguetarako, distantziak hobeto errespetatze aldera", dio musika eskolako Eneritz Korujok.
HAINBAT NEURRI HARTU DITUZTE, DISTANTZIAK ERRESPETATZEARI GARRANTZIA EMANDA
Era presentzialean bakarrik
Beheko Errota musika eskolako klase guztiak presentzialak dira, eta, salbuespen gisa, online eran emango dira COVID-19aren ondorioz ikaslea egoitzara joan ezin bada. "Konfinatuta egon diren bi ikasle ezin izan dira hainbat saiotara etorri, baina kasu puntualak izatea espero dugu. Gainera, segurtasun neurri guztiak hartu ditugu –manparak, osasun neurriak, lurreko seinaleak…–, eta hasiera batean, aurrez aurreko saioen aldeko apustua egingo dugu".
Eskaintza handia
Eskoriatzako Beheko Errota musika eskolan eskaintza handia dago 4 urtetik aurrera, eta ez bakarrik haurrentzat, baita helduentzat eta erretiratuentzat ere. Inoiz ez da berandu musikarekin hasteko, eta gogoa eta esfortzua jartzen dion edonork oso emaitza onak lor ditzake.
Honako hauek dira bertan eskaintzen dituzten ikastaroak: txistua, musika tailerra, dantza, kantua, pianoa, klarinetea, saxofoia, flauta, biolina, biolontxeloa, tronpeta, tronboia, tronpa, akordeoia, gitarra klasikoa eta elektrikoa, perkusioa, bateria, musika-hizkuntza eta korua.