Ur zerbitzuaren gestioan aldaketak izango dira

Imanol Beloki Unamuno 2020ko urr. 2a, 09:10

Ura harraskatik irteten.

Eskoriatzako Udalak jakinarazi du Eskoriatzan uraren kudeaketa integrala Gipuzkoako Ur Kontsortzioak (Gipuzkoako Urak) egingo duela hemendik aurrera, eta azpimarratu du aldaketa horrek zenbait onura ekarriko dizkiola Eskoriatzako Udalari.

Eskoriatzako Udalak herriko etxe guztietara banatutako oharraren bitartez, herriko uraren kudeaketa integrala Gipuzkoako Ur Kontsorzioaren esku geratzen dela jakinarazi dute. Urritik aurrera egunerokoan herritarrek igarriko duten aldaketa txikia izango dela azpimarratu dute Udaletik; hau da, ur irakurketa betiko moduan egingo dute teknikariek eta 2020ko laugarren hiruhilekotik aurrerako fakturazioa betiko bideetatik kobratuko da.

Hirugarren hiruhilekoari dagokion irakurketa eta fakturazioa Udalaren esku geratuko den azkena izango da. Eta hortik aurrera ur hornidura zerbitzuarekin zerikusia duen guztia, hau da, altak eta bajak ematea, ordainagiriak helbideratzea, kontsultak eta erreklamazioak, kontagailuaren mantentzea, eta antzekoak ez dira aurrerantzean Eskoriatzako Udalarekin egingo, Ur Kontsortzioarekin baizik, eta hori edozein bulego fisiko edo birtualetan egin ahal izango da. Horretarako bideak honako hauek dira: telefonoz, 943 31 86 02 edo 902 30 22 22 zenbakietara deituta; Internetez, www.gipuzkoakour.eus helbide elektronikoaren bitartez; edo laster udaletxeko atarian jarriko den bulego birtualean.

Aldaketaren onurak

Eskoriatzako Udaletik adierazi dutenez, uraren ziklo integralaren kudeaketa Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren esku uzteak zenbait onura ekarriko dizkio Udalari: uraren ziklo osoaren kudeaketa integrala eta iraunkorra, abonatu gehienek ordaindu beharreko tarifa murriztea, zerbitzu-sareak hobetzeko inbertsioa plangintza ezartzea, erabiltzailearentzako 24/365 arreta-zerbitzua, arreta-bulego birtuala eta zerbitzuaren gorabeherei hobeto erantzutea. Hori horrela, ura kudeatzeko sistema berri hori herritarron onerako izango delakoan hartu du Udalak aldaketarako erabakia.

Gipuzkoako Ur Kontsortzioa

Gipuzkoako udalerri askok bultzatuta, 1990ean sortu zen Gipuzkoako Ur Kontsortzioa, urazpiegituren sare berri eta modernoa eraikitzeko asmoz, Europako kanonen arabera eta ingurumena erabat errespetatuz: ura biltegiratzeko sistemak, edateko uren araztegiak (EUA) eta hondakin-uren araztegiak.

Gaur egun, Gipuzkoako Ur Kontsortzioa elkarte-oinarriko erakunde publikoa lurralde historikoko 50 udalerrik baino gehiagok osatzen dute, eta uraren goi horniduraren kudeaketaz arduratzen da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak