Enaitz Testa Europako finalerako sailkatu da

Imanol Beloki Unamuno 2020ko urr. 2a, 08:00

Enaitz Testa motorraren gainean lasterketa baten ostean, irribarretsu.

Yamahak antolatzen duen Europako txapelketarako hautatua izan da motorzale eskoriatzar gaztea. Txapelketa Belgikan jokatuko da, urriaren 24an eta 25ean, eta MX85 CC kategorian arituko da Testa, erronka berri bati aurre eginez.

Enaitz Testa 13 urteko motorzale eskoriatzarra aurten hasi da MX85 CC kategorian lehiatzen, eta hasi bezain pronto emaitza bikainak lortzen ari da. Izan ere, Euskadiko txapelketaren barruan, Nafarroan egin diren bi lasterketak irabazi ditu eta liderra da sailkapenean. Horrekin batera, Yamahak antolatzen duen Espainiako txapelketan egindako lan onagatik Europako txapelketarako sailkatu da. Hala, Belgikan urriaren 24an eta 25ean izango diren lasterketetan arituko da. Horietan parte hartu ostean, berriz, Euskadiko txapelketako lasterketa izango du, Zallan, azaroaren 8an.

Kategoria berrian, bikain

Ruben Testa Enaitzen aitak adierazi du urte zaila ari dela izaten, baina emaitza bikainak lortzen ari dela bere semea: "MX65 CC kategoriatik 85ekora saltoa eman berri, oso ondo egokitu da motorrera Enaitz, eta albiste pozgarria da Yamahak antolatutako Europako finalerako sailkatu izana. Espainiakoan laugarren postuan geratu da, eta horrek eman dio Europakoan sartzeko txartela. Ea bertan zer moduz aritzen den. Gainera, asteburu berean munduko txapelketa ere jokatuko da leku berean, Belgikan, eta haurrek txapelketaz gozatzeko aukera izango dute, euren lasterketak egiteaz batera".

Ruben Testa semari argibideak ematen.

Entrenatzeko zailtasunak

Lasterketa onak egiten ari da Enaitz, baina entrenatzeko aukera murritzak dituela adierazi du Ruben Testak: "Zaila dugu entrenatzea, eta ez orain bakarrik, pandemia garaian. Lasterketa bat prestatu gura badugu, inguruan ez dugu motorrarekin aritzeko gunerik, eta gertuen dugun eremua Burgosen dago. Hala, konplexua da denboraldian zehar erritmoa mantentzea, lasterketak behar bezala prestatzea, eta hainbeste desplazamendu egitea ere gogorra izaten eurentzat".

Anaia txikia, nagusiari jarraiki

Aratz Testa, Enaitzen anaia txikia, berriz, MX65 CC kategorian ari da lehiatzen, eta, anaia nagusiaren pausoei jarraiki, denboraldi honetan lan ona egingo duela aurreikusten du bi motorzale eskoriatzarraren aitak.

Aratz Testa motorrarekin salto egiten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak