Eguaztenetan soilik egingo dira ehiza-postu zozketak

Imanol Beloki Unamuno 2020ko ira. 25a, 09:55

Iaz, Aldaype Ehiza eta Arrantza Elkarteko lokalean, herritarrak postu zozketarako izenak ematen.

Orain arte, astegunetan egin izan dira ehiza-postuen zozketak Aldaypeko lokalean, eta egubakoitzetan, asteburuetarako eta astelehenerako zozketak egiten ziren. Orain, aldiz, eguaztenetan soilik egingo dira aste osoko zein asteburuetarako zozketak.

Urria heltzeaz batera, herriko ehiztariak gogoz egoten dira ehizara joateko, eta horren aurretik egin behar dutena postua izatea da. Zenbait herritarrek postuak dituzte euren lurretan, eta horiek pribilegiatuak dira, ez baitaukate zozketara joan beharrik, badutelako postua erabilgarri, baina ehiza-postua duen lursailik ez duten herritarrek egunero joan behar izaten dute Aldaype Ehiza eta Arrantza Elkarteko zozketara, ehizatzeko postu onena tokatzeko asmoz.

Hala, egunero batzen dira ehiztariak elkartearen lokalean, Intxaurtxuetako bederatzigarren atarian, postu zozketarako. 18:00etatik 20:00etara bitartean izan ohi dira izen-emateak, eta 20:00etan, zein postu hautatu diren adierazten da. Zozketak egunero egin izan dira, hurrengo eguneko postua aukeratzeko, eta egubakoitzetan, berriz, asteburu osorako zein astelehenerako zozketak egin izan dira.

DENBORALDI BERRIKO EHIZA POSTU BANAKETA URRIAREN 7AN EGINGO DA ALDAYPEKO LOKALEAN

Zozketak, eguaztenetan

Aurten, baina, ehiza-postu zozketetan jende pilaketak saihesteko eta herritarren segurtasuna bermatzeko zenbait berrikuntza egingo dituztela adierazi dute elkartekideek: "Urriaren 7an izango dugu lehenengo zozketa eguna, eta hilaren 8an hasiko dira ehiztariak ehizatzen. Berrikuntza nagusia zozketa egunena izango da. Orain, astean behin egingo ditugu zozketak, eguaztenetan, 17:00etan hasi eta 18:45ean amaituko da izen-ematea. Gero, 20:00etatik 20:30era jakingo dute bertaratuek zein postu tokatu zaien. Horrekin batera, lehen, elkarteko bulegora sartzen ziren zozketan parte hartu nahi zutenak, baina orain, kanpoan itxarongo dute, segurtasun neurriak errespetatuz, eta pantaila jarriko diogun leihotik artatuko ditugu. Ez da samurra izango egun bakarrean egitea zozketa, denbora beharko digulako, baina bizi garen garaira egokitu behar dugu", adierazi du Oier Eskibel Aldaype elkarteko presidenteak.

Denboraldirako aurreikuspenak

Urtero moduan, ehiztariek bi lineatako postuak lortu ahal izango dituzte zozketan: lehenengo linean 87 postu daude – Lete, Apotzaga eta Marin–; eta bigarrenean, berriz, 77 –parke naturala, Alabita eta Aranguren–. Aurreikuspenenak ez daudela garbi adierazi du Gerardo Cantera elkartekideak, baina ehiztariak gogotsu daudela azpimarratu du: "Hiru urte txar izan ditugu, baina jendea ehizarako gogotsu dago. Ikusiko dugu zer pasatzen den. Hala ere, azaroaren 22ra arte izango dugu denbora ehizan aritzeko…".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak