Goi mailako emanaldia, jaioterrira itzulita

Eneko Azurmendi 2020ko ira. 20a, 19:35

Gaur egun Parisen bizi den Iñaki Encina konpositore eta piano-jole eskoriatzarrak emanaldia eskaini du gaur Zaldibar antzokian, Adriana Gonzalez soprano guatemalarrarekin batera. Lehen saioan, oso pozik eta gertuko azaldu da une oro Encina. Orain, bigarrena eskainiko du bikoteak, 20:00etan.

Segurtasun neurri guztiak beteta, 50 bat lagun batu dira 17:30ean hasi den lehen emanaldian, tartean Eskoriatzako musika eskolako kideak eta Encinaren senideak. Izan ere, Eskoriatzan jaioa da, eta herriko musika eskolan eman zituen bere lehen urratsak.

Gonzalez gazte sopranoak lirika estiloko Melodies Dassaut & Covatti diskoko pieza motzak abestu ditu, Encinaren piano doinuez lagunduta. Gainera, eskoriatzarra azalpenak ematen joan da emanaldian zehar.

Jatorri bitxia bezain polita du disko horrek, Encinaren piano irakaslearen gurasoen konposizioak baitira guztiak. Besteak beste, Okzitaniako Tolosan egin zituen piano ikasketak eskoriatzarrak, eta hango irakaslearekin harreman estua egin zuen. "Bere guraso musikariek konposatu zituzten obrekin betetako kaxa eskaini zidan. Horiek lantzen ibili naiz lau urtean eta iaz grabatu nuen Guatemalako Adriana Gonzalez puntako soprano eta lagunarekin diskoa". Modu horretan, Robert Dussauten eta Helene Covattiren lanez osatutako diskoa da gaurkoan eskaini dutena.

Etzi, Gasteizen

Jesus Guridi konpositorearen Mañanita de San Juan abestia ere eskaini dute Zaldibar antzokian. Hain zuzen ere, irailaren 22an, Gasteizko Jesus Guridi musika kontserbatorioan beste emanaldi bat egitekoak dira Iñaki Encina eta Adriana Gonzalez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak