Gorka Idigoras: "Bizitzako ametsetako bat egia bihurtu dut"

Imanol Beloki Unamuno 2020ko ira. 18a, 17:00
Idigoras eta Perez, Clio Sport autoarekin, Aramaioko rallysprintean.

Gorka Idigoras pilotu eskoriatzarrarentzat egun handia izan zen zapatukoa. Izan ere, Aramaioko XIX. rallysprinta irabazi zuen 5. Klase mailan eta sailkapen orokorrean, Aramaioko Raul Perez kopilotua bidelagun zuela.

Gorka Idigoras auto pilotu eskoriatzarrak ez du samur ahaztuko joan den zapatuko eguna. Aramaioko XIX. rallysprinta jokatu zen, eta ez da lehen aldia izan Idigorasek bertan parte hartzen duena, baina, bere sailean eta sailkapen orokorrean txapeldun izanda, izugarrizko poztasunez jaso zuen saria. Bere esanetan: "Bizitzako ametsetako bat egia bihurtu dut".

Lan gogorrak fruituak ematen ditu askotan, eta Gorka Idigorasek baditu zenbait lorpen poltsikoan. 2018an, esaterako, Euskadiko rallysprint txapeldun izan zen 2. Klase mailan. Orduko poztasuna gogoan du Idigorasek, baina Aramaioko XIX. rallysprintean 5. Klase mailan azkarrena izatea eta sailkapen orokorrean ere lehenengoa sailkatzea "izugarria izan da" 18 urte zituenetik auto txapelketetan lehiatzen ari den gidari eskoriatzarrarentzat.

Autoari hobekuntzak eginda

2012an egin zuen Idigorasek lehenengo aldiz Aramaioko rallysprinta, eta ordutik urtero egin izan du lasterketa. Lehenengo urteetan Opel Astra batekin aritu zen eta azken urteotan Clio Sport autoarekin egin izan du. Lasterketarako, gainera, zenbait hobekuntza egin dizkio ibilgailuari, eta egindako aldaketak nabaritu dituela aitortu du: "Autoari motorra eta abiadura-kaxa aldatu nizkion, besteak beste, eta Aiako lasterketan probatzera irten ginen, Aramaioko rallysprinterako gertu egoteko. Potentzia ezinbestekoa da Aramaion, igoera dezente daudelako, baina bizkortasuna ere garrantzitsua da, eta horretan laguntzen du autoa txikia izateak". Kopilotu lanetan Raul Perez aramaioarra izan du lasterketa horretan bidelagun, eta haren laguntza ere azpimarratu du: "Raul Perez aramaioarra izatea abantaila handia izan da. Bidea ondo ezagutzen du, eta, harekin egindako lehen lasterketa izanda, emaitza paregabea lortu dugu".

Etxeko lanak ondo eginda

Pilotu eskoriatzarrak ere Aramaioko bidea ondo ezagutzen duen arren, lasterketa guztien aurretik egiten duen moduan astebete lehenago apunteak hartzen aritu zen, eta lasterketan gogo biziz atera zela adierazi du: "Lasterketak hiru txanda ditu, eta emaitza hiruren baturatik ateratzen da. Lehenengo txandan hirugarren postuan geratu nintzen; bigarren txandan, bigarren postuan; eta hirugarrenean, lehenengoan. Azken horretan, aurretik zihoanak kolpea izan zuen, eta bost segundo atera nizkion. Konplikazio gutxi izan genituen. Bigarren txandan gurpil batean arazoak izan nituen, baina ia ez nuen igarri, eta, beraz, dena bikain joan zitzaigun".

Gorka Idigoras eta Raul Perez garaipena ospatzen.

Hurrengo lasterketarako prest

COVID-19arengatik lasterketa asko bertan behera geratu dira, eta Idigorasek zirkuituetan entrenatzen jarraitzen duen arren lasterketetarako gogoz jarraitzen du. Are gehiago, Aramaioko lorpenaren ostean: "Zirkuituetarako beti ateratzen dugu tarteren bat. Lasterketa asko bertan behera geratu dira, eta pena handiz hartu dugu mundu honetan ari garenok. Hala ere, urriaren 10-11ko asteburuan Gernikako lasterketa dago. Ez da ziurra gauzatuko den edo ez, baina ea egiten den, egunerako gertu egongo gara eta".

Eskerrak lagun guztiei

Pilotu eskoriatzarrak Aramaioko rallysprinta irabazi arren, bere ingurukoengatik izan ez balitz ezingo zuela garaipena lortu gaineratu du: "Eskerrak eman nahi dizkiet lagun eta etxekoei. Lasterketa egunean nirekin egon zirenei, asistentzian, bide bazterrean, telefonoz beste aldean… egon zirenei; bereziki, Monika Muñozi, inork baino gehiago lagundu eta bultzatzeagatik, eta baita zorion mezuak bidali dizkidaten guztiei ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak