Musika klasikoaren magia Eskoriatzako Zaldibar antzokian

Imanol Beloki Unamuno 2020ko ira. 10a, 11:00
Iñaki Encina piano-jole eta orkestra zuzendaria pianoaren aurrean, lanean.

Martxoan bertan behera geratutako Iñaki Encina piano-jole eta orkestra zuzendari eskoriatzarraren eta Adriana Gonzalez soprano guatemalarraren kontzertua irailaren 20an izango da. Gainera, bi saio egingo dira: bata 17:30ean eta bestea 20:00etan.

Martxoaren 24rako programatuta zegoen Iñaki Encina pianojotzaile eskoriatzarraren eta Adriana Gonzalez soprano gazte guatemalarraren kontzertua, baina alarma egoeragatik bertan behera geratu zen. Hala, irailaren 20an, domekan, egingo da kontzertua, Zaldibar antzokian. Oraingoan, baina, bi saio egingo dira: bata 17:30ean eta bestea 20:00etan. Bi artistek grabatu berri duten Melodies Dassaut & Covatti lana eskainiko dute, ordubete inguru iraungo duen emanaldian.

Irailaren 20an, domekan, 17:30ean eta 20:00etan izango dira kontzertuak

Maila handiko musikariak

Iñaki Encina eskoriatzarrak orkestra zuzendari gisa ospe handia du Frantziako panorama lirikoan, eta zuzendari-lana eta piano-jole profesioa uztartzen ditu. Berarekin batera Adriana Gonzalez Guatemalako sopranoa izango da oholtza gainean kontzertua eskaintzen. Bi musikari handiek Eskoriatzan aurkeztuko duten diskoak Lied eta ahots-errezitaldiko Preis der Deutschen Schallplatten Kristin Alemaniako kritika diskografikoaren saria jaso berri du, eta lorpen horregatik oso pozik agertu da Encina: "Alemaniako saria ederra izan da, errekonozimendu garrantzitsua da. Izan ere, 151 musika kritikok ematen dute saria, eta gure kategorian, gainera, maila handiko zenbait musikari handi zeuden; besteak beste, Matthias Goerne, Veronique Gens, Barbara Hannigan eta Franco Fagioli. Hori horrela, Eskoriatzan eskainiko dugun kontzerturako gogoz gaude. Hilaren 20an emango ditugun bi saioez gainera, irailaren 22an Gasteizko Antzoki Zaharrean izango gara kontzertua ematen".

Grabatu berri duten Melodies Dassaut & Covatti diskoa Eskoriatzan aurkezteko tartea hartuko du Encinak, eta, besteak beste, Robert Dussauten, Isaac Albenizen, Helene Covattiren, Robert Dussauten eta Jesus Guridiren lanak joko dituzte. XX. mende hasierako piezak izango dira entzungai, maila handikoak; inpresionista eta post-erromantikoa eta testu gozoekin.

Saioetarako sarrerak

Martxoko kontzerturako sarrerak erosi eta itzuli ez dituztenek bihartik, irailaren 8tik, irailaren 14ra arte aldatu beharko dituzte Manuel Muñoz kiroldegian, eta zein saiotara joan nahi duten aukeratu beharko dute. Kontzertura joan nahi ez dutenek, bestalde, dirua hartu dezakete. Horrekin batera, edukiera bete arte gelditzen diren sarrerak irailaren 15ean jarriko dituzte salgai, kiroldegian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak