Kirol jarduera eskaintza, talde gehiago ezarrita

Imanol Beloki Unamuno 2020ko ira. 4a, 11:50

Manuel Muñoz kiroldegiko kirol aparailuetan, norberaren izerdia garbitzeko abisua paretan.

Kirol jardueren ikastaroak irailaren 15ean hasiko dira. Hala ere, aurretik, ate irekien jardunaldiak izango dira, eta bertan, herritarrek jarduerak probatzeko aukera izango dute, irailaren 10ean, 11n, eta 14an, aurrez izena emanda.

Oporraldiaren ostean, kirol ikastaroren bat egin nahi duenak aukera ederra izango du Eskoriatzako Manuel Muñoz kiroldegian. Izan ere, 2020/21 ikasturterako kirol-jardueretarako matrikulazio kanpaina martxan da abuztuaren 24tik. Hala, proposatutako jarduerak antolatzeko, instalazioak, edukiera eta ratioak birdiseinatu dituzte, segurtasun-distantziak eta parte-hartzaile guztien osasuna bermatzeko protokolo espezifikoekin. Hala, COVID-19aren kutsapena saihesteko prebentzio neurri guztiak hartuta, kirola modu seguruan egiteko asmoz.

Saioen iraupenen murrizketa

Edukiera mugen ondorioz, eta dagoen eskaerari erantzuteko, saio kopuruak bikoiztu egin dituzte eta murriztu egin da saioen iraupena. Lehen ordubeteko saioak zituzten erabiltzaileek hiru ordu laurdeneko saioak izango dituzte. Jardueren prezioa, berriz, mantendu egingo dute, nahiz eta edukiera murrizteak gainkostua ekarriko dion kiroldegiari. Hala pilatesa, zikloa, zunba, erorketa prebentzioa, gimnasia harmonikoa, body tonua eta igeriketa izango dira aukeran. Egunak ordutegiak eta tarifak, aldiz, Eskoriatza.eus webgunean ikus daitezke.

Izen-ematea zabalik dago eta plazak bete arte egongo da horrela; betiere, izena emateko hurrenkera errespetatuz.

Ate irekien jardunaldiak

Ikastaro batean izena eman gura duenak eta horren aurretik probatu nahi duenak aukera izango du horretarako. Izan ere, irailaren 10ean, pilates, ziklo eta zunba saioak izango dira. Hilaren 11n, berriz, zunba saioa, eta irailaren 14an, erorketa prebentzioa, zikloa, gimnasia harmonikoa, pilatesa eta body tonua. Hala, nahi duenak probatzeko aukera izango du, baina aurrez izena eman beharko da, Manuel Muñoz kiroldegitik pasata edo bertara deituta, 943 71 53 28 telefono zenbakira.

Igeriketa ikastaroa urrian

Ikastaro guztiak irailaren 15ean hasteko aurreikuspena izan arren, igerilekuko ikastaroak urrian hastea erabaki dute. Haurren igeriketa, helduena eta aquagyma. 3-4 urteko haurrentzat 30 minutuko saioak izango dira eta beste saio guztiek, aldiz, 45 minutuko klaseak izango dituzte.

Horrez gainera, udako ordutegia alde batera utzita, kanpoko igerilekua asteburuan itxiko dutela adierazi dute Manuel Muñoz kiroldegiko arduradunek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak