"Marixol etxera!" ozen oihukatu zuten atzoko manifestazioan

Imanol Beloki Unamuno 2020ko uzt. 30a, 12:09
Manifestazioa hasi berri.

Sarek eta Marixol Askatu! ekimenak antolatuta, manifestazio jendetsua izan zen, atzo, Eskoriatzan, Konponbidea orain, Marixol etxera lelopean. Plazatik abiatuz, herri sarreraraino jaitsi, gero, San Pedro auzoa zeharkatu, eta biblioteka paretik pasata, berriz, plazarako bidea egin zuten bertan batutakoek. Ekitaldia amaitzeko, Oihana Arana bertsolari gazte eskoriatzarrak komunikatua irakurri zuen.

Komunikatua osorik:

"Bidegabekeria bat salatu beharrak elkartu gaitu gaur.

Lehenago ere salatu genuen Marixol Iparragirre Guenetxea eskoriatzarraren espetxeratzea: Frantziako estatuan zigorra bete ondoren, joan den urteko irailean Espainiaratu eta kartzelan lehen graduan modu ankerrean mantendu dutelako, inolako epaiketarik egin gabe. Uztailaren 8 eta 9an, Eszepzioko epaitegi batean epaitua izan eta orain jakin berri dugu epaiketa horren sententzia: 122 urte. 122 urte!

Herri honetako sektore zabal eta askotarikoek gatazka politikoa konpontzeko determinazioa erakutsi dute, eta bake eta bizikidetza agertoki berri bat irekitzeko urrats sendoak egin dira azken hamarkadan. Estatu aparatuek, baina, muzin egin diote aukera horri eta mendekuaren joko zitalarekin tematuta jarraitzen daude, kosta ahala kosta.

Marixolek ia lau hamarkada eman ditu etxetik kanpo, azken hamasei urteak kartzelan. Erraz esaten da gero!

Eskoriatzarrak ezinbesteko ekarpena egin du Euskal Herria bake bidean jartzeko. Beste herritar askok bezala bakegile gisa jardun du. Gogora dezagun Marixolek jarri ziola ahotsa ETAk desegiteko erabakia iragartzen zuen agiriari, kartzelako ziegatik. Beharbada ez diote jardun hori barkatu nahi iraganeko logikara kateatuta segi nahi dutenek.

Hemen gaudenok ozen exijitzen dugu Marixolen askatasuna. Bidegabea delako, arduragabekeria izugarria delako gatazkara kateatuta segitzeak. Ziklo berri honetan epaiketa oro soberan dago. Herri honek ez du epaiketa gehiago behar, are gutxiago halako kartzela-zigorrak ekar ditzaketenak. Ez da kartzelak betetzeko garaia, batzuen eta besteen artean zubiak eraikitzeko garaia baizik, gure herri honek bake, bizikidetza eta askatasunean aurrera egin dezan. Gizalege kontua da.

Horregatik ozen diogu: Marixol askatu, preso guztiak askatu. Konponbide garaia da. Marixolen askatasuna eskatzeko manifestazioa"

Marixol askatu! pankarta herri sarrerako zubian.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak