Martin Perez: "Zortzi denboraldi bete arren, gogotsu nago"

Imanol Beloki Unamuno 2020ko uzt. 24a, 17:02
Martin Perez saskibaloi jokalaria baloiarekin eskuan.

Martin Perez Zuzenak taldeko kapitainak zortzi denboraldi bete ditu taldean, eta, fitxa berritu berri, kantxara bueltatu eta partiduak jokatzeko gogo biziz dago.

Zuzenak taldeko gurpil aulkiko jokalari eta kapitain Martin Perez eskoriatzarrak zortzi denboraldi bete ditu taldean, eta, datorren denboraldira begira fitxa berrituta, bederatzigarrenaren bila joango da. Urte arraroa izan dela adierazita, bueltatu dira berriz kantxara, pixka bat entrenatzera.

Fitxa berritu berri, bederatzigarren denboraldirako gertu?

Pozik nago fitxa berrituta. Gainera, gazte hasi nintzen arren, oraindik 22 urte ditut, eta beste hainbeste urte egin nahiko nituzke, ahal bada. Esperientzia pixka bat izan arren, beti dago zer ikasi.

Nolakoa izan da denboraldia?

Pixka bat arraroa izan da. Urtarrilean lesio bat izan nuen, eta hilabetez jokatu barik egon nintzen. Gero, otsailean bueltatu nintzen, baina hasi bezain pronto koronabirusa iritsi, eta liga bertan behar geratu zen.

Mantendu duzue maila, nahiz eta justuan izan, ezta?

Sailkapeneko beheko postuetan geratu gara, nahiz eta liga amaitzeko partidu batzuk geratzen ziren. Azken-aurreko postuan geratu gara; hala ere, gure mailan sailkapeneko azkena soilik jaisten da, baina ez da jaitsiko. Gainera, beste bi talde berri izango dira datorren denboraldian, eta, horrela, hamabi talde izango gara, guztira, Ohorezko Mailan.

Beraz, maila mantenduta, helburua beteta?

Hala da, maila mantendu dugu, eta, hori zenez gure helburu nagusia, pozik gaude. Hala ere, erronka pertsonalari dagokionez, ikasten jarraitzea eta disfrutatzea da nik beti buruan dudana, eta hala irteten dira gauzak ondo. Nik ez dut era profesionalean hartzen saskibaloia, oso garrantzitsua da nire bizitzan, asko entrenatzen gara, saiatu… baina ondo pasatzeko, lehiatzeko, eta urtez urte hobetzeko helburua da nik dudana.

Harrobiari garrantzia ematen diozue taldean, ezta?

Taldean zortzi urte egin ditudan arren, ez naiz taldeko gazteena. Hala ere, gure taldea gaztea da, eta harrobiari garrantzi handia ematen diogu. Hori da Zuzenak taldeak duen ezaugarri nagusietako bat, eta hor indarra jartzen dugu. Asko zaintzen dugu harrobia, gazte pila bat daude, eta gazteetatik ni izan nintzen lehena talde nagusian sartzen; beraz, gazteetatik zaharrena edo beteranoena ni naizela esan daiteke, nahiz eta adinagatik ez izan.

Denboraldi-aurrearekin hasita dagoeneko, ezta?

Bai, hasi gara denboraldi-aurre bezalako bat egiten, nahiz eta abuztuan jai izango dugun. Beraz, opor aurretiko entrenamendu saio hauek sentsazioak berriro ere hartzeko dira; bi hilabete entrenatu gabe egon garenez, pixka bat aritzeko. Hala, oporren ostean, irailean bueltatu, eta orduan hasiko gara entrenamendu saioekin denboraldia ondo prestatzen. Liga urrian hasten da, eta, beraz, prest egon nahi dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak