"Haurrak zoragarri portatu dira udalekuetan"

Imanol Beloki Unamuno 2020ko uzt. 24a, 13:00

Udalekuetako lehenengo egunetan, udalekuetako haur talde baten argazkia. Argazkia: Txirikilla

Gaur, egubakoitza, emango diete amaiera Eskoriatzako udalekuei. Krisialdi garaian, zenbait egunetako geldialdiak izan dituzte, hartu beharreko zenbait neurri… Hala ere, balorazio "bikaina" egin dute Txirikilla Aisialdi Elkarteko kideek.

Komeria ugari izan dituzte aurtengo Eskoriatzako udalekuek, beste hainbat tokitan moduan. Bertan behera geratu behar zirela, hasiera batean; azkenean, izen-ematea ireki eta gauzatzea erabaki, eta, uztailaren 6tik gaur arte, hala moduz egin dituzte, zenbait egunetan gauzatu ez diren arren. Hala, talde txikietan banatuta haurrak ederto aritu direla adierazi dute Txirikilla Aisialdi Elkarteko arduradunek. Gaur goizeko jardunarekin emango zaie amaiera aurtengo udaleku "bereziei".

Talde txikietan, bi begiralerekin

"Konfinamenduan denbora asko egon dira haurrak etxean, eta, haurren aisialdia oso garrantzitsua dela uste dugunez, udalekuak egitea erabaki genuen. Normalean baino haur gutxiago izan dira, iazko kopuruaren erdia; hala ere, aurreikusten genuen. Guztira, 100 haur inguru izan dira udalekuetan; bederatzi, hamar eta hamaika pertsonako taldeetan banatu ditugu, eta talde bakoitzean bi begirale. Gustura aritu dira, eta gu ere pozik geratu gara egindakoarekin", adierazi du Nekane Atxagak, Txirikilla Aisialdi Elkarteko koordinatzaileak.

Azkartasunez eta egoki jokatuz

Hilaren 9an Eskoriatzako herritar batek COVID-19 proban positibo eman ostean, zalaparta sortu zen herrian, eta, egun hartan udalekuak egin arren, hurrengo egunean bertan behera geratu ziren, prebentzio gisa. Hala ere, asteburua pasa ostean berrartu zituzten. "Azkartasunez eta egoki jokatu genuela adierazi digute guraso askok. Horren ostean, berriro martxa hartu berri, Eudelen erabakia etorri zitzaigun". Eudelen gomendioz etenda egon dira udalekuak asteon, baina, udalekuak amaitzeko hiru egunen faltan, zerbitzua ematea erabaki da, eta, horrela, udalekuei behar den itxiera eman, eta agur esan diete.

Haurrak eredu izan dira

"Ziurgabetasun, zalantza… asko izan da haurren eta gurasoen partetik, eta asko nabaritu da azken aste honetan. Izan ere, jende gutxiago etorri da; bizi dugun egoeragatik, oporretara doazelako… Azken finean, egiten dugun balorazioa oso ona da. Oso ondo portatu dira, arau guztiak errespetatu dituzte, musukoa une oro erabili dute kexa barik… beraz, zoragarri! Hilabete oso arraroa izan da guztiontzat, eta datorren urtean normalitatera bueltatu nahiko genuke. Gazi-gozoak izan arren, disfrutatu egin dugu", adierazi du Nekane Atxagak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak