Maixol Iparragirreren epaiketa salatzeko elkarretaratzea izan da

Imanol Beloki Unamuno 2020ko uzt. 8a, 23:00

Atzo, eguaztena, hasi zen Maixol Iparragirreren aurkako epaiketa, eta Maixol Askatu egitasmoak eta Sarek deituta, 20:00etan, elkarretaratzea egin zen Fernando Eskoriatza plazan. Epaiketaren kontra jarraitzeko, gaur, ere elkarretaratzea izango da leku eta ordu berean [Bertan behera geratu da].

Epaiketako lehenengo eguna izan zen atzokoa, eta horren bueltan honako kronika bidali gura izan dute familiakoek: "10:30ak inguruan hasi zen eta sei senideri utzi digute barrura sartzen. Beste hiru kalean geratu dira, nahiz eta salako publikoan lekua sobera egon. AVTko lau ere sartu dira. Maixol kristalez itxitako salako lateral batean dagoen gelatxo batean sartuta egon da eta ez dugu bera ikusteko ia aukerarik izan. Defentsako abokatuaren galderei erantzun die soilik. ETAko kide izan dela onartu du, eta ekintzarekin zerikusirik duenik ukatu du. 1981eko atxiloketaz aritu da eta euroagindu honen testuinguru politikoa aipatu du, ETAk borroka armatua utzita eta bera EPPKren bozeramaile zenean", adierazi du Larraitz Iparragirre Maixolen ahizpak.

Gainerako testigantzak, fiskalak deituta bideokonferentzia bidez egin direla adierazi du Iparragirrek. "Agustin Almarazek, zein Ibon Etxezarretak, Maixol ez dutela ezagutzen eta ez dakitela Anboto nor den testifikatu dute. Ordu eta erdi iraun du. Bihar –eguena– peritoek testifikatuko dute. Bihar amaituko da, fiskalaren, akusazio partikularraren eta defentsaren eskaerekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak