Uztailaren 8an eta 9an epaituko dute Maixol Iparragirre

Imanol Beloki Unamuno 2020ko uzt. 3a, 15:11

Maixol Askatu Ekimenak deitutako agerraldian batutakoak.
Maixol Askatu ekimenak deituta, berrogeita hamar lagun elkartu dira gaur, egubakoitza, Donostiako Bulebarrean 12:00etan, Marixol Iparragirre eskoriatzarrak izango duen lehen epaiketaren berri eman eta haren askatasuna aldarrikatzeko. Ino Galparsoro Arrasateko alkate ohiak eta Olatz Albisu senideak irakurri dute agiria.

Maixol Iparragirre uztailaren 8 eta 9an epaituko dute lehen aldiz Auzitegi Nazionalean, 1995eko auzi batengatik. Bere aurka dagoen froga bakarra Anboto sinadura duen paper bat dela salatu dute gertukoek. Hori horrela, preso eskoriatzarraren askatasuna aldarrikatu dute Donostian, Konponbide garaia da. Maixol askatu! lelopean.

Epaiketa uztailaren 8an eta 9an

"Lehenago ere salatu genuen Maixol Iparragirre Guenetxea eskoriatzarraren espetxeratzea: Frantziako estatuan zigorra bete ondoren, joan den urteko irailean Espainiaratu eta kartzelan lehen graduan modu ankerrean mantendu dutelako, inolako epaiketarik egin gabe. Orain jakin berri dugu epaiketa datorren astean, uztailaren 8 eta 9an, izango duela", adierazi dute Maixolen askatasuna eskatzeko ekimeneko ordezkariek gaurko agerraldian.

Ino Galparsoro Arrasateko alkate ohiak eta Olatz Albisu senideak nabarmendu dutenez, Marixolek ia lau hamarkada eman ditu etxetik kanpo, azken hamasei urteak kartzelan, eta eskoriatzarrak ezinbesteko ekarpena egin duela Euskal Herria bake bidean jartzeko adierazi. "Beste herritar askok bezala bakegile gisa jardun du. Gogora dezagun Marixolek jarri ziola ahotsa ETAk desegiteko erabakia iragartzen zuen agiriari, kartzelako ziegatik. Beharbada ez diote jardun hori barkatu nahi iraganeko logikara kateatuta segi nahi dutenek".

Zubiak eraikitzeko garaia

Horrekin batera, ziklo berri honetan epaiketa oro soberan dagoela azpimarratu dute. "Herri honek ez du epaiketa gehiago behar, are gutxiago kartzela-zigorrak ekar ditzaketenak. Ez da kartzelak betetzeko garaia, batzuen eta besteen artean zubiak eraikitzeko garaia baizik, gure herri honek bake, bizikidetza eta askatasunean aurrera egin dezan. Gizalege kontua da".

Mobilizazioak Eskoriatzan

Maixol askatu ekimenak eta Sarek deituta, uztailaren 8an eta 9an mobilizazioak deitu dituzte Eskoriatzan. Bi egunetan, 20:00etan izango dira elkarretaratzeak, Fernando Eskoriatza plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak