Eskoriatzako musika bandak lau hitzordu garrantzitsu izan ohi ditu San Pedro jaietan. Haurren eta nagusien danborradak, San Pedro bezperako kalejira eta San Pedro eguneko plazako kontzertua. Azken hau izaten da bandaren hitzordu nagusia. "1984. urtean banda sortu zenetik, urtero egin izan da kontzertua, tradizio handia dauka. Ni 13 urterekin hasi nintzen bandan, bonbardinoa jotzen, eta beti egon izan da kontzertua, urtero", adierazi du Jesus Urrutiak, Eskoriatzako musika bandako zuzendariak –bi urte daramatza bandako zuzendari–.
Denetik edukitzen du kontzertu horrek, eta herritarren gustukoa izaten da. "Batetik, alde klasikoa edukitzen du, eta, bestetik, alde modernoagoa. Iaz, esaterako, Bon Jovi jo genuen. Azken finean, kalerako, giroa jartzeko egokia delako musika modernoa. Gaur egun, bandek denetik jotzen dute".
Kontzerturik ez, lehenengoz
Aurten, halere, ezin izango dute egin, egoerak hala behartuta. "Kontzertu inportantea izan ohi da guretzat, jende ugari batzen da eta oso polita izaten da. Aurten ezin izango dugu egin, eta pena handia ematen digu horrek". Horren ordez, halere, bi aldiz egingo dute kalejira. Hala, bezperakoaz gain, San Pedro egunean ere egingo dute, arratsaldean. "Beste modu batera bada ere, bandak presentzia edukiko du aurtengo jaietan, eta gure ekarpentxoa egin ahal izango dugu. Beraz, gustura eta pozik gaude", dio Urrutiak.
Bi kalejirak, ezberdinak
Kalerako errepertorioa prest daukatela azaldu du Urrutiak, eta bi egunetan ezberdina izango dela gaineratu du. "Lehen egunean pieza batzuk joko ditugu eta bigarrenean, beste batzuk. Hori bai, batzuk errepikatu ere egingo ditugu". Lehen egunean, esaterako, Eskoriatzako ereserkia joko dute eta bigarrenean, kalejira "normala" izango da. Biak ala biak 19:00etan hasiko dituzte.
Danborradaren ibilbidea
Ibilbideari dagokionez, danborradak egin ohi duena egingo dute bi kalejirek, gutxi gorabehera. "Modu horretan, herri osoa hartzeko aukera daukagu. Eskoriatza ez da oso handia; beraz, ez dago arazorik eta herritar guztiek edukiko dute banda entzuteko aukera. Jaiak direla eta, kaleak girotzea izango da gure helburua, modu xumeagoan bada ere, festa giroa arnasteko", adierazi du Urrutiak. Urduritasunik ez dagoela gaineratu du zuzendariak. "Trankil gaude. Aurtengoa ezberdina izango da, eta pena da kontzerturik ez dela izango, baina dagoeneko eskarmentua dugu eta musikariak lasai daude".