U-12ko hauteskundeetako hauteslekua, frontoian

Imanol Beloki Unamuno 2020ko eka. 19a, 10:37

Eskoriatzako Joseba Iñurrategi pilotalekuko sarrera.

Hauteskundeetan, kultura etxea izaten da botoa emateko hauteslekua Eskoriatzan, baina, herritarrek botoa emateko eskubidea "bermez osoz" gauzatu dezaten, Joseba Iñurrategi pilotalekura lekualdatzea erabaki dute udal ordezkariek.

Uztailaren 12an izango dira Eusko Jaurlaritza berria osatuko duten legebiltzarkideak aukeratzeko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta Eskoriatzako Udalak hauteslekua lekualdatzea proposatu du. Ohiko kokalekua kultura etxea izan da, baina, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren gomendioei jarraituz, segurtasun distantziak bermatzeko eta mahaietan pilaketak saihestu ahal izateko, Joseba Iñurrategi pilotalekua egokiago dela adierazi dute.

"Hauteskundeen deialdia egin zenean, idazkariak eta teknikariek kultura etxeak ez zuela segurtasuna bermatzen ikusi zuten, eta frontoia eta Luis Ezeiza herri eskolako eraikina planteatu ziren, hasiera batean. Eskolan arazoak ikusi genituen, eta, azkenean, frontoiaren kantxaren zabalera ikusita eta norabide bakarreko ibilbideak egiteko egoki ikusita, bertan egitea erabaki dugu", adierazi du Josu Ezkurdiak, Hirigintza eta Mugikortasuneko batzordeburuak.

"Guk ere hala eskatu genuen. Pilotalekuak segurtasun hobeagoarekin bozkatzeko aukera ematen digu, segurtasun eta osasun neurriak bermatuz. Betetzea espero dugu…", adierazi du, bestalde, Eluska Irazu EH Bilduko bozeramaileak.

Maskara, derrigorrezkoa

Ohi moduan, Eskoriatzan izaten diren lau hauteskunde mahaiak frontoian jarriko dituzte, eta pilotalekua hautesleku moduan erabilita, gainera, sarbidea eta irteera ate ezberdinetatik jartzea ahalbidetzen du. Santa Auzotik sarrera izango litzateke, eta irteera, berriz, atzetik, Luis Ezeizako kantxa aldetik.

Hala ere, zenbait neurri hartu beharko dituzte herritarrek botoa ematera doazenean. Kantxan egongo diren hauteskunde mahaiak hesien bidez bereizita egongo dira, eta ibilbideak lurrean markatuta jarriko dituzte. Batetik, mahaietara sartzeko, eta, bestetik, behin botoa emanda irteerara joateko. Jende nagusiarentzat, gainera, bide berezi bat jarriko dutela gaineratu dute, horiei lehentasuna emateko.

Ohiko kabinak ere jarriko dira, boto-paperekin; hala ere, botoa prest izatea gomendatu dute, segurtasun handiagoa izateko. Sartzean zein irtetean, gel hidroalkoholikoaren dosifikagailuak egongo dira eskuak desinfektatzeko, eta maskararekin joatea derrigorrezkoa izango da. Horrekin batera, nortasun agiria soilik erakutsi beharko da, eta botoa norberak sartuko du kutxan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak