Testigantzen trukean, bonuen zozketara

Imanol Beloki Unamuno 2020ko eka. 11a, 15:30
Eskoriatzako Berbalagunak taldeak hamar urte bete zituenean Zaldibar antzokian egindako ekitaldia.

Hamar urte, hamar oroitzapen lelopean, Eskoriatzako Berbalagunak taldeak 50 euroko hiru bonu zozketatuko ditu. Baldintza bakarra jarri dute parte hartzeko: taldearekin hartu-emana izan duen edonork testigantza bat bidali beharko du.

Eskoriatzako Berbalagunek euskara praktikatzen segitu dute konfinamenduan. Izan ere, online aritu dira, eta dagoeneko tabernetako terrazetan ere hasi dira batzartzen. Hala ere, ikasturteari amaiera eman nahi diote, eta, urteroko agur-afari jaia egingo ez duten arren, aurten, bonuen zozketa egingo dute Berbalagunak taldearekin edozein hartu-eman izan duten herritar guztien artean.

Parte hartzeko, Eskoriatzako Berbalagunekin bizitako testigantza edo bizipen bat bidali beharko dute parte hartu gura dutenek, Whatsappez, 661 746 376 zenbakira, edo berbalagunak@gmail.com helbide elektronikora.

'Hamar urte, hamar oroitzapen'

Ikasturte honetan hamar urte bete ditu taldeak, eta, Hamar urte, hamar oroitzapen leloari jarraituz, iaz, urrian ekitaldi ederra egin zuten Zaldibar antzokian, bidelagun, bidelari edo koordinatzaileen testigantzak jasota. Hori horrela, martxan jarri berri duten egitasmoarekin bizipen gehiago batu gura dituzte, eta, bide batez, herriko merkatariei lagundu, eskoriatzarrek bertan erosteko dei eginda.

50 euroko hiru bonu zozketatuko dira testigantzak bidaltzen dituzten herritar guztien artean, eta sariak izango dira Eskoriatzako Axtroki Merkatari Elkartea batzen duten 25 denda edo komertzioetan gastatzeko.

Bizipenak jaso eta jaso

Iratxe Arrese Eskoriatzako Berbalagunak taldeko koordinatzaileak adierazi duenez, egitasmo honek Berbalagunekin bizitako esperientziak batzea du helburu: "Ikasturteari amaiera emateko diru bat izaten dugu gordeta afari bat egiteko, baina aurten zozketa bat egitea erabaki dugu; denok batzea ez baita samurra. Bertan parte hartzeko Berbalagunak talde bateko partaide izan zaitezke edo ez; asmoa da taldearekin edozein hartu-eman izan duen edozein herritarren esperientzia jasotzea. Izan ere, hamar urte bete ditugu, eta herriarekin ospatu nahi dugu. Astelehenean eman genuen zozketaren berri, eta dagoeneko zenbait testigantza jaso ditugu. Batzen ditugun guztiekin zozketa egingo dugu, eta 50 euroko hiru bonu Axtrokitan banatuko ditugu herriko komertzioetan xahutzeko".

Axtroki Elkarteko Komertzio hauetan gastatu ahal izango dira bonuak:

1. NAMASTE
2. GOZO TXIKI
3. GAHIR
4. AZKOAGA ESTANKOA
5. MARTIN FRUTADENDA
6. INKERNU TABERNA
7. GOROSARRI
8. IXKUR
9. HEMEN GARBIKETAK
10. ALTUNA HARATEGIA
11. URRESTILLA TABERNA
12. CARMEN LENCERIA
13. TOKI ALAI TABERNA
14. ENRIQUE MAZMELA HORTZ-KLINIKA
15. MAPFRE ASEGURUAK
16. LENIZ ERREPARAZIOAK
17. LEIRE LANGARAN
18. COVIRAN 
19. KUTTUNA ESTETIKA ZENTRUA
20. KIRRIBIL ILE-APAINDEGIA
21. ANDUAGA PENTSUAK
22. PAGALDAY HARATEGIA
23. BENTA MOTZ BERRI TABERNA
24. DORLETA LIBURUDENDA
25. LABORAL KUTXA

Esperientziak bidaltzeko epea

Berbalagunekin izandako esperientziak bidaltzeko azken eguna, berriz, ekainaren 19a izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak