Tramiteak aho batez onartuta, ekainean aurkeztuko dituzten aurrekontuak hizpide

Imanol Beloki Unamuno 2020ko mai. 26a, 19:11
Udalbatzako kideak Eskoriatzako maiatzeko ohiko osoko bilkura telematikoan.

Maiatzeko ohiko osoko bilkura era telematikoan egin dute, gaur, udalbatza osatzen duten udal ordezkariek, eta Eskoriatzako udal webgunetik zuzenean jarraitzeko aukera izan da. Gai-zerrendan zenbait tramite izan dituzte berbagai, eta guztiak aho batez onartu dituzte. Galde-eskeen tartean, berriz, herriko merkatariei alarma egoerak eragin dien galera ekonomikoari laguntza, eta ekainean onartuko dituzten aurrekontuen ildoa izan dituzte hizpide.

Eluska Irazu EH Bilduko bozeramaileak honako galdera egin zuen galde-eskeen tartean: "Eskoriatzako merkatariak, dendariak, artisauak, autonomoak, baserritarrak… alarma egoerak dirauen bitartean izan dituzten galera ekonomikoekin laguntza paketeren bat martxan jartzea pentsatu da? Erosketa bonuak, edo terrazaren tasak ez ordaintzea, zabor edo ur tasak ez ordaintzea…?. Herriko komertzioetatik erantzun ezberdinak jaso ditugu eta zehaztu beharra dagoela uste dut".

Aurrekontuetarako, bost ardatz

Honen aurrean, Josu Ezkurdia Hirigintza eta Mugikortasun batzordeburuak adierazi zuen ekainerako plangintza bat aurkeztuko dutela aurrekontuen gainean, eta bertan jasotzen dela merkatariei laguntza, besteak beste. "Elizateen Elkartearekin eta EH Bildurekin landuko dugu batzordean ekarpen eta proposamen ezberdinak jasotzeko, baina, bost ardatz nagusi ezarri ditugu aurrekontu berria, programa berrietara egokitzeko. Badakigu zenbat diru gutxiago jasoko dugun, eta non gastatu dezakegun gutxiago. Hori kontuan izanda, programa potente bat atera zaigula pentsatzen dugu. Programa honek bi ardatz  nagusi ditu, baina, bost puntuan banatzen da: Lehena, osasuna bermatzea izango da; bigarrena, gehien behar duen jendeari edo kolekiboei lagundu ahal izatea; hirugarrena, bertako komertzioa sustatzea; laugarrena, Eskoriatza Bizirik programarekin kultura bizitza berpiztea; eta, bosgarrena, udal bezala klima aldaketarengatik ahal duguna egitea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak