Ahots urratua ardatz, melodia goxoekin bustita, eta erritmo lasaiari jarraiki, Jesus Perez Suso eskoriatzarrak Corazón salvaje kantua sortu du, eta Patxi Rama musikari gasteiztarrarekin batera bideoklipa grabatu. Eskoriatza bizirik Youtube kanalean ikusgai dago, eta, emaitzarekin "pozik", deskantsu pixka bat hartu nahi du lan hau amaitu berri. Hala ere, aurrera begira beste proiekturen bat martxan jartzea ere badela bere asmoa adierazi du.
Internetera igo duzuen bideoklipak ze harrera izan du?
Gasteizko Dorian Guitar musika instrumentu dendan hasi nintzen gitarra jotzen ikasten, eta bertan ezagutu nuen Patxi Rama. Ordutik, batera aritu gara ikasten eta sortzen. Hori horrela, konfinamendua hasi aurretik grabatu genuen Corazón salvaje kantuaren bideoa eta emaitzarekin gustura geratu gara. Bereziki, gertuko jendearentzat eta amarentzat zuzenduta egindako proiektua izan da.
Zure musika jendaurrean eskaini duzun lehen aldia izan da hau?
Iaz, Bea Rubiorekin batera Lorcaren bueltako irakurketa bat egin behar genuela, Marea taldearen La ciudad de los gitanos kantuaren bertsioa jo nuen, baina ez dut jo zuzeneko askorik. Hala ere, ez dut baztertzen zuzenean jotzea edota, Internetera begira, egin berri dugun moduko beste lan bat egitea.
Musikaz gain, antzerkian ere aritu zara. Oholtza gustuko duzun seinale.
Ez pentsa. Oholtza gainean presio handia izaten dut, urduritasuna, eta asko prestatu beharra dago. Hori horrela, @remociones Eskoriatzako Antzerki Taldean aritu naizenetan gustura aritu naiz, baina pixka bat utzita dut. Beti nago eta egongo naiz prest taldekideek nahi dutenerako, baina erritmo lasaiagoan. Musika, antzerkia, erreleboetara lan egitea… lasai hartu beharra dago.
Arrakasta oholtza gainean ere
Musika sortzeaz batera, ez da geldi egotekoa Jesus Perez, eta @remociones Eskoriatzako Antzerki Taldeko kide ere bada; taldeko gizon bakarra da. Arrakasta duen obra Eskoriatzarrez osatutako antzerki taldea hasiberria den arren, Zaldibar antzokia bete izan dutez zenbait bider Desbloqueadas lanarekin.