Antolatzaileak "pozik" agertu dira herritarren parte hartzearekin: "Ez genuen uste hainbeste lan jasoko genituenik, eta sorpresaz jaso dugu. Gainera, jende ezberdina agertzen da lanetan: haurrak, gazteak, familiak elkarrekin, kuadrillak… Beraz, primeran", adierazi du Juan Luis Zubizarretak, antolakuntza taldeko kide eta epaimahaikideak. Bittor Gurrutxaga Biki-k, Gema Galdonak, Borja Garridok, Edorta Barandiaranek eta Juan Luis Zubizarretak osatu dute epaimahaia, eta eszenaratzea, koreografia eta bestelako aspektuak hartu dituzte kontuan puntuazioa emateko garaian. "Epaimahaia osatu dugun bost kideok gure puntuazio pertsonala eman dugu, besteena jakin barik, eta gero, puntuazio guztiak batu ditugu".
Sailkapena
Honakoa da aurkeztutako sailkapena, hurrenez hurren:
1. Kortazar
2. Yankee go home
3. Buruz behera
4. Txanpon baten truke
5. Aukera Berriak [Saioa]
6. Olaizola
7. Goazen
8. Aukera Berriak [Eider]
9. Amantalak Etxera
10. Katedral bat
Herriko dendetan gastatzeko
Podiuma osatu dutenen artean, lehenengo sailkatuak 150 euro jasoko ditu; bigarren sailkatuak, 100 euro; eta hirugarrenak, 50 euro. Eta diru hori Axtroki Merkatari Elkarteko dendetan gastatzeko izango da. Hala, hasierako oinarrietan markatu moduan, herriko komertzioari bultzada emateko helburuari jarraituz.
Parte-hartzaile guztiei saria
Horrekin batera, Inkernu tabernak itxita jarraitzen duen arren, Atxorrotx Kultura Elkartearen playback txapelketan parte hartu duten talde guztiek –lehen hiru sailkatuak izan ezik– 25 euroko bonua jasoko dute eta diru hori Inkernu tabernan bertan gastatzeko izango da.