"Pilotan aritzeko xarma berezia duen txokoa da kontzejupea"

Imanol Beloki Unamuno 2020ko api. 8a, 07:00

Herriko zenbait gaztek Eskoriatzako udaletxeko arkupeetako txokoa eskupilotan aritzeko erabiltzen dute, baina alarma egoera ezarri zenetik ezinezkoa dute. Hala, gogoz daude egoera normalizatu eta bertan lagunarteko txapelketa antolatzeko.

Argazkian ageri den Eskoriatzako kuadrilla horrek alarma egoera aurretik udaletxe azpiko arkupeetan, kontzejupean, eskuz binakako azken partidua jokatzeko aukera izan zuen. Binaka zenbait lagun bertan batu, eta partidak jokatzen aritu ziren, hiru tantora. Eta, hain zuzen, gogoz daude berriro ere beraien txokora joan eta lagunarteko partiduak jokatzeko.

Ohitura dute zenbait gazte eskoriatzarrek kontzejupera joan eta eskupilotan aritzeko, baina denbora batez ezin izan dute izerdia botatzera bertara joan. Hala ere, gogoz daude egoera hau pasa eta domeka goiz bat edo beste bertara joan eta lagunartean dibertitzeko.

Kirolaz batera, bizipoza

Kontzejupean askotan aritzen den horietako bat da Txomin Illarramendi eskoriatzarra, eta lagunek ahal badute behintzat hamabostean behin elkartzeko aprobetxatzen dutela adierazi du. Irrikan dago, gainera, berriz bueltatzeko: "Gogoz jokatzen ditugu partiduak, broma gabe, eta, lagunarteko partiduak izan arren, pike gogorra izaten da. Bikotetan banatuta txandakatzen joaten gara, eta esan beharra dago frontoi handi batean baino gusturago aritzen garela. Izan ere, kontzejupeak bere xarma du, eta hormari emanda atzamarrek eta behatzek nolabait bukatzen duten arren, asko gustatzen zaigu bertan aritzea. Gainera, Fernando Eskoriatza plazatik gora edo behera pasatzen diren herritar asko nola jokatzen dugun ikusten geratzen dira; herri giroa pizteko ekintza ere izan daitekeela esan genezake".

Lagunarteko txapelketa

Hori horrela, alarma egoera amaitzen denean, eta normalitatera bueltatzean, txapelketa antolatuko dutela adierazi du Illarramendik. "Domeka goiz baterako hitzordua egingo dugu. Normalean aritzen garenok batuko gara, eta animatzen dena ere ongietorria izango da. Hala, apusturen bat ere egingo dugu partiduen ostean gozatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak