Iñaki Zurutuza: "Guztioi eragiten digu liztor asiarren arazoak"

Imanol Beloki Unamuno 2020ko mar. 30a, 11:50
Iñaki Zurutuza erlezaina erlategian.

Udaberrian sartu berri, liztor asiarren erreginak harrapatzeko zenbait tranpa ditu jarrita Zurutuzak erlategiak dituen auzoetan, ekoizpena ez hondatzeko asmoz.

Iñaki Zurutuza eskoriatzarra duela hiru urte hasi zen interesatzen erlezaintzarekin, eta gaur egun, zenbait erlategi ditu. Zaletasun gisa hasi arren, komertzializatzen ere hasi berri da aurten; izan ere, Arane eztia izenpean erregistratu du marka salmentarako. Gainera, liztor asiarren erreginak harrapatzeko tranpak jarri zituen hilaren hasieran, eta horren berri eman gura izan du.

Ogibide ez izan arren, gustuko zaletasunari zukua ateratzen ari zara, edo, hobeto esanda, eztia?

Burgosko eskola agrarioan ikasketak burutzen hasi nintzen asteburuetan, eta, hiru urtez ikasten aritu ostean, hortxe ari naiz. Marka erregistratu dut, eta eztia egiten hasi nintzenetik gaur arte pixka bat, gutxi, saldu arren, gustura ari naiz zaletasun honekin.

Zenbat erlauntz dituzu?

17 erlauntz ditut Mazmela, Lete eta Zarimutz auzoetako erlategietan, eta erlauntz bakoitzean 60.000 erle egon daitezke, eta erlauntz bakoitzetik, esaterako, 20 kilo ezti atera daitezke, dena ondo bidean.

Noiz batzen da eztia?

Urtean bi aldiz ateratzen dut nik eztia; abuztuaren hasiera aldera eta irailaren azkenetara. Hala, loraldi ezberdinetatik ateratzen dut, eta atera daitekeen ezti kantitatea, berriz, urtearen araberakoa izaten da, loraldia nola datorren eta zenbat erlauntz dituzun.

Liztor asiarrek eragin ditzaketen kalteei kontra egiteko tranpak jarrita dituzu, ezta?

Hala da, tranpa horiek liztor asiarren erreginak harrapatzeko dira. Udaberri hasieran jartzen dira eta ekainera arte uzten dira. Erlategiari kalte handia egiten diote liztor asiarrek, baina guztioi eragiten digu. Izan ere, erleak eramatera etortzen dira masiboki: erlekumeak eramaten dituzte, eztia jaten dute… Arazoa denona da, eta guztioi eragiten digu, soluzio eraginkorra topatzea ez da samurra.

Liztor asiarren erreginak harrapatzeko

Liztor asiarren (Vespa velutina) kontra egiteko, Coca Cola, garagardoa, bermuta eta ozpina diten nahasketa bat erabili du Zurutuzak. Kalteak gutxitzeko Lete, Mazmela eta Zarimutz auzoetan jarri ditu zenbait tranpa, erreginak harrapatzeko eta dituen erlategietan kalteak gutxitzeko asmoz.

Liztor asiarren erreginak harrapatzeko tranpa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak