Bi diziplina, batuta: zientzia eta bertsolaritza

Kike Amonarriz, oholtzan, Ondarroan egindako Jakinduriek mundue erreko dau! ikuskizunean.

Jakinduriek mundue erreko dau! ikuskizuna izango da zapatu honetan, 19:30ean, Zaldibar antzokian. Zientzialariek egingo dituzten hitzaldietatik bertsoak aterako dituzte Uxue Alberdik eta Andoni Egañak, Kike Amonarrizen gidaritzapean.

Eskoriatzako Udalak antolatutako Zientzia argitan, egia ala gezurra egitasmoaren bigarren edizioa martxan da. Zientziaren dibulgazioa helburu duen egitasmoari eguaztenean eman zitzaion hasiera, egitarauko lehenengo hitzaldiarekin. Hain zuzen, Ignacio Lopez-Goñik Mikrobioak gure bizitzan izeneko hitzaldia eskaini zuen. Gaur, berriz, sexuaren mitoez hitz egingo du Laura Moran sexologoak, 19:00etan, Zaldibar antzokian. Hala ere, egitarauko hitzordu bereziena bihar, zapatua, izango da. Izan ere, zientzia eta bertsolaritza uztartuko dira Jakinduriak mundue erreko dau! ikuskizunean.

Maila handiko protagonistak

Ikuskizun berritzailea eta bitxia izango du zapatuko saioak. Eta ez hori bakarrik; izan ere, zientzia eta bertsolaritza uztartzeaz batera, protagonista apartak batuko dira bertan: Uxue Alberdi eta Andoni Egaña, bertsolariak; Iker Badiola, Medikuntza eta Erizaintzako Fakultateko ikertzailea eta irakaslea; Eider Bilbao, Plentziako Itsas Estazioko ikertzailea; Onintze Salazar, Euskalmeteko meteorologoa; eta zientzialariak. Aurkezle eta gidaria, berriz, Kike Amonarriz izango da.

"Itxuraz elkarren artean oso urruti dauden zientziak eta bertsolaritzak lotura aurkituko dute ziklo honetan ohiko mugak gainditu eta jendartera iristeko, Jakinduriak mundue erreko dau! saioaren bitartez. Bost urteko ibilbidea egin ondoren Bizkaian eta Gipuzkoan zehar, lehen aldiz helduko da saioa Eskoriatzara", adierazi du Arantxa Unzuetak, Eskoriatzako Udaleko Kultura teknikariak.

Hitzaldietatik bertsoak ateraz

Hamar minutuko hiru hitzaldi egongo dira. Hitzaldiak euskaraz izango dira eta ikertzaileek eta zientzialariek eskainiko dituzte. Honako hauek izango dira gaiak: Serrano urdaiazpikoak jabugo bihurtzen; Itsasoa, plastikoen gotorlekua; eta Aldapan gora. Hala, gai horien bueltako hitzaldi bakoitzaren ostean, Kike Amonarrizek bertsolariei oinarriak eta doinuak ezarriko dizkie, bertsoak bota ditzaten. Horrez gain, Bertsozientzia saioan, ikusleen jakinduria neurtuko da, modu berezi samarrean.

"Ikuskizun landua da ikusiko duguna, eta, une dibertigarriaz gozatzeaz batera, publikoak ere izango du bere parte-hartzea. Sarrerak doan izan arren, aldez aurretik Manuel Muñoz kiroldegian eskatu daitezke, antzokiaren edukiera mugatua baita", adierazi du Unzuetak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.